Izpegiko lepoan salatu dute Ipar eta Hegoaldearen arteko mugen itxiera

"Herri bat gara, mugarik ez!" lelopean elkarretaratzea burutu da larunbat honetan, ilbeltzak 23, 15.00etan abiatuta, Izpegiko lepoan, Baztango eta Baigorriko jendeak deituta, mugen itxieraren egoera salatzeko.

2021-ko urtarrilak 24

Akitaniako Prefeturaren ordenez Ipar eta Hego Euskal Herri arteko zortzi muga itxi ziren aurreko astean, Izpegikoa haien artean. Bestalde, azpimarratzekoa da azken hilabete hauetan etengabeko presentzia militarra izan dela Ipar Euskal Herriko herrietan.

Baztango eta Baigorriko 100 herritar inguru elkartu dira larunbat eguerdian Izpegiko lepoan Ipar eta Hego Euskal Herriko pasabideen hestea eta presentzia militarra salatzeko. «Herri bat gira, mugarik ez» eta «indar okupatzaileak kanporat!» irakur zitekeen bi pankartetan.

Pasabideak itxiz, frantziar eta espainiar Gobernuek euskal herritarren bizia eta egunerokoa ez dutela kontuan hartzen deitoratu dute. Hortaz, mugak idekitzea galdegin dute fermuki.

Gaur gaurkoz ezin da jakin zehazki noiz arte luzatuko den egoera hau. Izan ere, Eric Spitz prefetak azaldu duenez, otsailaren akabera bitartean iraunen du «gutxienez» zortzi pasabide horiek zeharkatzeko debekuak.

Gehiago