Israelen Eurobisioan parte hartzearen aurka protesta eginen da asteburu honetan
Yala Nafarroa plataformatik eskatzen dute Eurobisioko Jaialdia "ez dezatela erabili Israelek egiten ari diren krimenak estaltzeko". Ostiralean bizikleta-martxa bat eta larunbatean musika jaialdi bat antolatu dute Iruñean.
2025-ko maiatzak 13

Asteburu honetan Eurobisio jaialdia ospatuko da, eta aurrekoetan bezala, Israelek hartuko du parte. Palestinarekiko elkartasun mugimendutik askotan salatu da Estatu sionistak kultura eta kirola erabiltzen dituela bere aurpegia garbitzeko, baina Gazan genozidioarekin hasi zenetik, salaketa hau areagotu egin da.
Yala Nafarroak bi ekimen antolatu ditu asteburu honi begira egoera hau salatzeko. “Nafar herritar guztiak animatu nahi ditugu asteburu honetan Israelek Eurobisioan parte hartzearen aurka beren gaitzespena adieraztera. Ez dugu onartzen Palestinan egiten ari diren genozidioa ikustea, eta ez dugu nahi Eurobisioa bezalako ekitaldiak krimen horiek zuritzeko erabil daitezen. Artistek ezin dugu neutral gelditu zibilen hilketaren, garbiketa etnikoaren eta lurraren lapurretaren aurrean”, azaldu du Josu Castillok, Yala Nafarroako kide eta aktibistak.
“Europako txoko guztietatik oihukatzen dugu ez dugula nahi Israel musikaz baliatzea genozidioa ezkutatzeko, eta hala egiten badu, Eurobisioari boikota proposatzen dugu jaialdiaren erabilera politikoagatik, Israelek parte hartzen jarraitzen duelako, Errusia kanporatu zuten bitartean”, salatu du Castillok.
Elkarte ezberdinen kanpainek eta herritarren presioak lortu zuten RTVEko presidenteak UER-i eskatu zion Israelen parte-hartzearen inguruko eztabaida irekitzea. Baina erantzuna izan zen “UERren kide diren guztiak, Israel barne, Eurobisioko Abesti Jaialdian parte hartzeko eskubidea” dutela. Erantzun horrek Nazio Batuen ebazpenak eta Palestinan gertatzen ari den genozidioaren errealitatea baztertzen dituela uste du Yalak, eta “ez du zerikusirik Errusiari Ukrainako gerragatik eman zitzaion erantzunarekin”, bere esanetan.
Yala Nafarroak bizikleta martxa bat eginen du ostiralean 20:00etan, Gazteluko Plazatik abiatuko dena. Eta larunbatean, 20:00etatik aurrera Irubide Parkean (Santiago elizaren ondoan) MusiKallejera topaketa ospatuko du Chula Potra, Kasi Bandidos, Koiuntura + arte eta Smoking Trumpet artisten parte hartzearekin.
