Iruñetik zezenketen aurka
2015-ko abuztuak 28
Haurrek jolasean harrikatzen dituzte igelak, baina igelak benetan hiltzen dira.
Sanferminetan zezenketak debekatzea irrigarria izanen litzateke, tradizioaren pisua baztertzea. Horixe adierazi du Iruñeko alkate berriak. Hau da, EH Bilduko Joseba Asironek. (Tradizioaren lelo horrek usain oso txarra dauka).
Zezenketetako lehendakaritza hartzeko ez du problemarik izan EH Bilduk Iruñean.
Iruñeko ezker abertzaleak ez du bat egiten Euskal Herriko beste herrietan ezker abertzaleak daraman zezenketen aurkako jarrerarekin.
Ez da harritzekoa. Peñen indarra oso handia izan da beti sanferminetan eta beti izan dira zezenketetan, izugarrizko giroa sortuz. Jakina, peñetan ezker abertzaleko jendearen presentzia nabarmena da, hor denetatik badago ere.
Bai, Iruñean zezenketen aurka jartzea lekuz kanpo egotea dela ematen du.
Iruñekoa izatea eta zezenketak defendatzea ez dago derrigorrez lotuta, ordea. Hauxe da nire iritzia Iruñetik (eta ezker abertzaletik): Ikuskizun anker hau debekatu beharko litzateke.