Iruñeko Udalak larrialdi egoeran dauden pertsonei etxebizitza bermatzeko bideratuko dituen pisu batzuetatik okupak kaleratu dituela salatu dute
2025-ko apirilak 22

Igandean, hainbat udaltzain patruila Iruñeko Zabalgunean Udalaren hainbat etxebizitza hustutzera joan ziren. Pisu horietan bost pertsona bizi zirela dio Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Etxebizitza horiek hainbat urte daramate hutsik. Larrialdi egoeran dauden pertsonei etxebizitza bermatzeko Iruñeko Udalaren proiektu baten barruan daude, eta horretarako birgaitu behar dira. Igandean kaleratu zituzten pertsonak astebete inguru pasa dira etxe horiek okupatzen, Sindikatu Sozialistaren hitzetan. Horregatik “etxegabetzeak gauzatzeko agindu judizial bat beharrezkoa” zela aipatzen dute oharrean.
“Iruñeko Udaltzainek operazio honetan etxegabetutako pertsonen aurka egindako mehatxu etengabeak salatu nahi ditugu, eta baita aurrekariak dituen jardunbide irregular hau ere, 2023ko azaroan Jarauta kaleko bloke okupatuan ikusi genuenaren antzekoa, zeinetan agindu judizialik gabe hainbat etxebizitza hustu zituzten. Udala da honen erantzule zuzena: ustez legeriaren defendatzaile izan beharko liratekeen horiek, haien legeak urratzen dituzte beharrezko ikusten dutenean, prozedura judizialik gabeko etxegabetzeak gauzatuz nahi dutenean. Kasu honetan, gainera, etxe hauek beste hainbat urtez hutsik mantenduko dituztela aurreikus dezakegu, etxebizitza eredu merkantilista honek agintzen duen moduan”, dio Sindikatuak.
Birgaitze lanak ahalik eta epe laburrean eginen direla dio Udalak
Udal etxebizitza guztiak esku hartze sozialeko hainbat programaren barruan daudela diote Iruñeko Udalaren iturriek, eta horiek bizitegi larrialdiko egoerei erantzuteko erabiltzen ari direla gehitzen dute. “Hutsik dauden udal-etxebizitzak birgaitzeko eta berreskuratzeko programa 2016an jarri zen abian, bizitegi larrialdietarako etxebizitza poltsan sartzeko. Ordutik, Udalak 190 udal etxebizitza inguru birgaitu ditu, eta horretarako erabili ditu, bai zuzeneko errentamenduaren bidez, bai erakunde sozialekin egindako hitzarmenen bidez. Etxebizitza horiek bizitoki larrialdiko egoeran dauden pertsonei, errefuxiatuei eta indarkeria matxistaren biktimei zuzenduta daude”, diote iturri horiek. Oraindik hutsik dauden udal etxebizitzak birgaitzeko izapideak egiten ari direla konfirmatu dute, eta “ahalik eta epe laburrenean” egingo direla aitortu dute.