Iruñeko Udalak behin betiko egin nahi ditu “covid terrazak” auzokideen iritzia kontuan hartu gabe
AZ Ekimenak terrazen presentzia salbuespenekoa zelakoan onartu zuen neurria, baina orain salatu dute Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak behin-behinekotasunarekiko konpromisoa hautsi duela eta auzokideak erabakitik kanpo utzi dituela. AZ ekimenak komunikatu bat argitaratu du Udalaren erabakia kritikatuz.
2022-ko maiatzak 9
Covid 19ak ostalariengan eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko ezarri zituzten behin behineko terrazek lizentzia iraunkorra eskuratu ahal izango dute. Erabakia eta lizentzia berriak baimentzeko prozesuak ez du aurreikusi inolako auzo parte hartzerik eta, gainera, hautsi egin du udal ordezkariek adierazitako eta AZ Ekimenak eskatutako behin behinekotasunarekiko konpromisoa.
Orain arte, behin behineko terrazetarako baimenak eta ondoko luzapenak onartuak izan dira udal talde guztiek parte hartzen zuten batzorde batean. Covid 19ak eragindako murrizketak bertan behera utzi ostean, Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak, bere eskumena baliatuz, erabaki du baimen horiek behin betiko bilakatu daitezkeela hiru baldintza betez gero: oinezkoen mugimenduei ez eragitea, establezimienduaren fatxada baino espazio gehiago ez okupatzea eta auzokideen kexarik jaso ez izana. Irizpide hauen arabera, espazio publikoa “oinezkoen mugimendu”-ra mugatzen da eta ez ikusiarena egiten diote auzokideen paperari eta auzo mugimenduen ordezkagarritasunari. Hiru irizpideak betetzen dituzten terrazek behin betiko baimena eskuratu ahal izango dute eta, horrez gain, zinegotziak “arazoak konpontzeko” borondatea adierazi du gainontzeko kasuetarako, horrela, nahi duenak behin betiko lizentzia bat izan dezan.
AZ Ekimenak hainbatetan adierazi du arrisku handia zegoela terrazen baimenak behin betiko bilakatzeko. Horregatik, askotan eskatu du gai honen inguruko erabaki guztiek bete beharreko iraungitze data argi bat izan zezatela. Espazio publikoaren merkantilizazio prozesuak gogor kolpatzen duen auzo batean, udalaren erabakiak behin behinekotasunarekiko konpromisoa traizionatzeaz gain, ahaztu egin ditu auzokideak eta baita kaleak eta plazak elkartzeko, jolasteko, deskantsatzeko eta auzo bizitzarako guneak izan behar direla ere, ez soilik kontsumitzeko.