Iruñeko udal webguneko edukiak euskaratzeko eskatu dio Administrazio Auzitegiak

EH Bilduk aurkeztutako helegiteari arrazoia emanez Nafarroako Administrazioa Auzitegiak ebatzi du UPNk ez duela Iruñeko udal webgunean euskararen ordenantza betetzen.

2014-ko azaroak 16

UPNren hizkuntza politikak zartada berria jaso du, kasu honetan Iruñean. Nafarroako Administrazio Auzitegiak ontzat eman du EH Bilduko zinegotzi Patricia Peralesek iraila hasieran jarritako helegitea zeinean udal webguneak euskara ordenantza betetzen ez duela argudiatzen zuen.

Auzitegiaren hitzetan “webguneak ez die Udalarekin euskaraz harremandu nahi duten hiritarrei euskarazko informazio eta eredu egokiak izateko aukera bermatzen, ezta udal prozedurak euskaraz tramitatzeko aukera ere, eta izaera orokorreko informazio guztiak ez dira euskaraz eta gazteleraz agertzen”. Ondorioz, auzitegiak ebatzi du UPNk pamplona.es udal webgunean egiten duen hizkuntzen tratamenduak ez duela legea betetzen eta Udalaren erantzukizuna dela “gune elektriko hori euskararen ordenantzarekiko egokitzea”.

UPN gezurretan
Abuztutik honera Administrazio Auzitegiak UPNren hizkuntza politika arbuiatzen duen hirugarren ebazpena da. Lehenengoak San Pedroko liburutegi publikoan errotulazioa gaztelera hutsez egitea errefusatu zuen eta bigarrenak kale bati "25 de noviembre" gaztelera hutsez jarri izana.

EH Bilduk azaldu du erresoluzio honek agerian utzi duela UPN gezurretan ari dela ordenantza betetzen duela esatean. Kolaizio soberanistaren hitzetan "ordenantza ez betetzea modu kontzientean egiten du".

UPNk ebazpena errekurri dezake orain baina EH Bilduk exijitu dio auzitegiaren ebazpena betetzea eta ez dezala helegiterik jarri. "UPNri exijitzen diogu Udalaren webguneko eduki guztiak urgenteki euskara ditzan euskararen ordenantza betetzeko".

Gehiago