Iruñeko udal Haur-Eskolen aldaketa proposamena

Iruñeko Udalak haur eskoletako plantilla organikoan egin nahi duen aldaketa onartezina da, besteak beste, euskara gutxitzen duelako.

2019-ko abenduak 12

Joan den azaroaren 18an, Iruñeko Udalak haur-eskoletako langileen batzordeari aurkeztu zion 2020. urterako udal-eskoletako erakunde autonomoaren plantilla organikoa aldatzeko proposamena. LABek ez du proposamen hori onartzen, honako aldaketa hauek ezartzen baititu:
    – Orain arte funtzionario batek betetzen zituen zuzendaritza-gerentziak eta zuzendaritza teknikoak, izendapen askekoak izatera igaroko dira.

LABek ez du proposamen hori onartzen, zuzendaritza-postuak zuzenean esleitzea ekarriko lukeelako, indarrean dagoen araudian jasotako merezimendu- eta gaitasun- printzipioak errespetatu gabe. Hala, gainera, lanpostu horiek politikarien menpe geratuko dira.
    – Ingeles eskakizuna C1 izatetik B1 izatera igaroko da (Hizkuntzen Europako Markoaren arabera).

LABen ustez, proposamen hau iruzur hutsa da, bai ikasleentzat, bai eleaniztasunaren alde egiten duten familientzat; izan ere, B1 mailak ez du bermatzen eskaintza linguistiko egoki eta kalitatezkoa.
    – Gizarte-langilearen postuari euskararen hizkuntz eskakizuna (C1) kenduko zaio, lan egiteko beharrezkoa ez delakoan.

LABentzat onartezina da proposamen hori, euskarari eraso zuzena dakarkiolako. Eta hau are larriago begitantzen zaigu Europako Kontseiluak argitaratu berri duen txostena ikusita, non Administrazioan nahiz zonalde mixto eta ez-euskaldunean euskarari bultzada handiagoa ematea aholkatzen den. Gizarte-langileak zuzenean egiten du lan haur-eskolen erabiltzaile diren familiekin, eta hauen eskubidea, beren seme-alabak eskolatuta dituzten hizkuntzan komunikatzekoa, bermatu egin behar da.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, LABeko kideok gure haserrea eta erabateko desadostasuna agertu genuen proposamen horren aurrean; izan ere, oso panorama kaxkarra aurkezten du udal haur-eskolen egungo ereduarentzat, eta udal honek euskararen erabilerari dagokionez zein norabide jarraitzen duen argi erakusten du. Garbi ari gara ikusten nola zokoratu nahi duen D eredua, eta, gainera, erabaki judizialen laguntza du horretarako. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren azken ebazpena, joan den abenduaren 9an argitaratutakoa, da horren adibide. Ebazpen horren arabera, ez dute onartu Donibane, Printzearen Harresia, Goiz Eder eta Hello Egunsenti haur eskoletan egindako aldaketen defentsan Iruñeko aurreko udal gobernuak aurkeztutako errekurtsoa.

Gehiago