Iruñeko Alde Zaharrean espazio publiko herritarrendako berreskuratzeko mobilizazioa eginen dute ostegunean

Alde Zaharrean azken hilabeteetan Covid-19ak sorturiko egoera dela eta, asko izan dira erabilpen mugatua ezarri zaizkien kale eta plazak, honek dakarren espazio publikoaren desagerpenarekin. Auzoko eragileek salatu dutenez, handitutako edo berriki irekitako terrazen kopurua bikoiztu egin da auzokideen erabilera librerako dauden espazioen kalterako.

2021-ko ekainak 19

Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimendua eta AZ ekimenak espazio publikoaren defentsarako ekimen berri bat jarri du abian. Koronabirusaren pandemiak ostalaritza gogor kolpatu duen honetan, tabernei terrazak irekitzeko emandako baimenek mugatu dute espazio publiko horien erabilpena. Adibidez, auzoko plaza asko orain tabernarien terrazek okupatzen dute.  

“Agerikoa da pandemiaren egoerak gehiengoaren kontra doan auzo ereduari ateak ireki dizkiola, hura bizkortuz eta areagotuz. Modu honetan, osasun krisialdia baino lehen zeuden lizentzia eta terraza kopurua nabarmenki igo da, auzokideon erabilera librerako dauden plaza eta kaleak gutxitu diren bitartean. Datuei erreparatuz, handitutako edo berriki irekitako terrazen kopurua bikoiztu egin da eta libre geratzen ziren plazen erdiak terrazen presentzia du orain. Egoera kezkagarria zen, eta gaur egun, are larriagoa da”, dio zabaldu duten oharrak.

Auzoko espazio publikoaren defentsan berresten dira eta gaur gaurkoz dagoen egoera probisionala baino ez dela izan behar azpimarratzen dute. Datorren ostegunean, ekainaren 24an, manifestazio bat egiteko asmoa dute. Martxa arratsaldeko 19:30etan Baratxurien Plazatik abiatuko da.

Gehiago