Iruñeak auzoetako jaien txupinazoa jaurtiko du asteburu honetan Sanduzelaien, eta ondoren Txantreako jaiak helduko dira

Urtero legez, Sanduzelaiko eta Txantreako jaiak irekiko dute Iruñeko auzoen ospakizunetako aroa.

2024-ko apirilak 24

Udaberriarekin bat eginez, eta Sanferminetako eztanda baino lehen, Iruñean auzoetako jaiak ditugu urtero. Eta ohikoa denez, Sanduzelai aurreratzen da publiko eta adin guztiendako egitarau oparo batekin.

Auzoko kultur koordinakundeak antolatzen ditu, tokiko hainbat kolektiboak eta pertsonak osaturikoa. Egitarauak 50 ekitaldi baino gehiago ditu, kultur astearen eta auzoko jaien artean banatuta, apirilaren 22tik 28ra. Beraz, ostiral honetan lehertuko da jaia jaurtiko den txupinazoarekin.

Konpartsa eguna, jubilatuen klubean dantzaldiak, zumba eta aerobica kalean, berbenak, txipi-txapa txapelketa, 3×3 basket… era guztietako ekitaldiak antolatu dituzte, eta aurten, berrikuntza bezala, biribilgune polemikoa igande goizean okupatuko dute oinezkoentzat eginez, erraldoiekin, jolasekin eta abarrekin. Horrela ikusarazi nahi dute etorkizunean auzoak irabaziko duen espazioa errepidea lurperatzerakoan.

Udalarekin harremanak normalizatu

UPN agintean izan den bitartean, auzoetako jai batzordeen harremanak onak izan ez direla esatea ez da ezer berria. Arazo asko izan dituzte egitarauak aurrera eramateko, baina hori aldatu da EH Bilduk aginte makila hartu duenetik. “Udalarekiko harremanak normalizatu egin dira, araudiek eta legeek eskatzen duten burokrazia guztia betetzeko laguntza gehiago izan nahiko genukeen arren, aurten lankidetza bat dugu, Kultur Koordinakundearen eta Kultura Arloaren artean sinatzen ditugun hitzarmenetan islatzen dena”, azaldu dute Sanduzelaiko Jai Batzordetik.

“Hitzarmen horietan hainbat alderdi berreskuratu ditugu, hala nola, Udalak azpiegiturak ordaindu izana, jaiak segurtasun- eta higiene-baldintza duinetan egin ahal izateko, eta argindarra lotzeko laguntzak. Aurten, jaietarako hitzarmen-taldeek beste jarduera bat egin dute, eta Berdintasun Arloa auzoekin koordinatu da, besteak beste”.

Auzoetako jaiak kulturarako eta aniztasunerako aberasgarriak direla gogoratzen dute, auzokideen topagune eta lankidetzarako eta gozamenerako gune gisa. “Iruñeko Udalari eskatzen diogu auzoetako jaiak zertxobait babestuak izan daitezela, azpiegituraz eta baliabidez hornitzen jarrai dezala eta horiek egiten lagun dezala”.

Ondoren, Txantreako jaiak

Sanduzelaiko jaiak motorrak berotzeko balioko dute. Ondoren, apirilaren 30an, Txantrea ere jaian murgilduko da. Egunotan, dagoeneko Kultur Astea egiten ari da, eta horrek markatzen dio erritmoa auzoari. Egitarauan, beti bezala, ekitaldi eta jarduera mordo bat, adin guztietako auzokideak eta bisitariak jaiaz disfrutatzeko.

“Txantreako agenteek eta eragileek egitarau oparoa prestatu dute egunotarako: irriterapia, ardo eta garagardo dastatzeak, hitzaldiak, proiekzioak… Horiez gain, Jai Batzordeak bi emanaldi nabarmen ekarriko ditu: hilaren 25an, ostegunarekin, sareetan hain ezagun egin den Julen Axpe otxandioarrak haren Furgonologo showa eskainiko du Sabicas enparantzan. Biharamunean, berriz, Ezkaba plazan, La Banda zirko konpainiak YUGEN ekarriko digu, kaleetako arteetako jaialdietan saritutako ikuskizun ikusgarria eta erraldoia”.

Hilaren 28an, igandearekin, maizterren aldaketaren eguna ospatuko dute. Eta asteartean, jaiei hasiera ematen dien suziriak Jaki Toki kolektiboak jaurtiko du. “Jai Batzordeak Jaki Tokik egindako lana aitortu nahi izan du. Orain hiru urte elikagai biltegi gisa hasi zena, gaur egun, auzoko eragile erreferenteetako bat bihurtu da. Haien lanari esker, sektore prekarizatuenak Txantreakoak izateaz harroago sentitzen baitira. Gure ardura da, beraz, gure festak oraindik ere arrotz sentitzen dituzten horiei ahotsa eta lehen lerroa ematea. Festak ere haienak direlako, direnak direla beren jatorria, kultura edo ibilbidea”, azaldu du Jai Batzordeak.

Apirilaren 30eko eztandarekin batera zientoka emanaldi, kontzertu eta jarduera izanen dira adin guztietako auzokideentzat. “Guztira, 170 jarduera baino gehiago programatu ditugu 6 egun hauetarako: Tribade, Motxila 21, Goazen! edo Zaunka taldeen kontzertuak, herri bazkariak, nagusientzako emanaldiak edota puzgarriak eta erraldoiak txikienentzat…”

Txantreatik ere Udalean emandako aldaketa nabaritu dute. “Urte luzez laguntzarik eskaini gabe egon ostean, berriz ere laguntzaile direlako. Auzoetako jai batzordeekin hitzarmena sinatu berri du hauek egiten duten lana aitortu asmoz, eta diruz lagundu du azpiegituraren zati bat. Txantreako Jai Batzordeak, laguntza hori baliatu nahi izan du, ahal den neurrian, gure kaleak garbi mantentzeko. Horregatik gune jendetsuenetan komun gehiago jarri ditugu, eta baita ez zegoen tokietan berriak jarri”.

Gehiago