Irunberriko Udalak bideozaintzako kamarak jarri ditu, oposizio eta herritarren iritzia kontutan hartu gabe

Irunberriko Udalak bideokamerak jarri ditu Kale Nagusiko trafikoa zaintzeko aitzakiarekin. Oposizioaren kontrako bozekin eta herritarren artean kontsultarik egin gabe, "kontrol sozialari bidea" ireki diotela salatu zuten atzo egindako elkarretaratze batean hainbat herritarrek.

2021-ko urtarrilak 31

Urtarrilaren 25etik aurrera, Irunberriko Kale Nagusiko trafikoa kontrolatzeko sistema berri bat martxan da: bideozaintza. Osotara, 6 bideo kamara instalatu dira kalearen 3 puntu desberdinetan. Enpresa pribatu batek kudeatuko dituela ere jakin da.

“Alkatea eta bere taldeak, oposizioaren kontrako bozkekin eta inolako kontsultarik gabe, kontrol sozialari ateak ireki dizkio, eta 1400 biztanle baino gutxiagoko herri bateko kale nagusian gure eguneroko bizitza grabatzeko aukera ezarri du”, salatu zuen EH Bilduk eta Ernaik deitutako elkarretaratze batean.

“Enpresa pribatu batek gure bizitza sozialaren zatirik handiena biltzen duen kale batean gure irudiak jaso eta erregistratzeko eskumena izango du”, azpimarratu zuten. Gainera, enpresak Udalak jartzen duen isun bakoitzaren %50a bereganatuko du eta, ondorioz, isun ahalik eta gehien jartzen saiatuko dela beldur dira.

“Ez da Irunberriko bizilagunen edota kale nagusian negozioa duten pertsonen iritzia kontuan hartu; eta gure herrirako guztiz neurriz kanpokoa den neurri bat inposatu” dela nabarmendu zuten. Horregatik, EH Bilduk Irunberriko Udalari kamera horien instalazioari buruz herritarren artean galdeketa bat egin dezala eskatuko dio.

EH Bilduk aparkalekuak eta trafikoa arautzeko momentuan herritarren parte hartzea oinarri dela uste du. “Gaur egun hirigintza batzorde bat dago, behin ere deitua izan ez dena, gai hau Irunberriko biztanleekin tratatu beharko lukeena, herri osorako irtenbideak emanez, eta ez soilik kale baterako”, iritzi dute. Edonola ere, Irunberriko EH Bildu taldeak kamerak jartzearen aurka daudela jakinarazi du.

Gehiago