Iribas: Joan aurretik itzuli lapurtutakoa

2015-ko maiatzak 19

Azken urteotan Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez ditu sistematikoki bete sindikatuokin hitzartutako itunak. Azal lodia agertu du eta lanik prekarioena duen jendearen lepotik dirutza “aurrezteko” ahaleginak egin ditu, eta oporren zati bat lapurtu die.

Negoziazioari muzin egin diote behin eta berriro, eta guk salaketa aurkeztu egin dugu. Bide judizialera jo behar izan dugu langileen eskubideak defendatzearren. Azken hilabeteotan ezagutu ditugun epaiek bat egin dute gure argudioekin, eta itxaropen izpia piztu da. Nafarroako Gobernuak itunaz egindako irakurketa erabat arbuiagarria izan da, eta epaietan argi utzi zaie: itunak ez dira asmo hutsa, bete beharreko arauak baizik. Departamentuaren zerbitzu juridikoek ahalegin guztiak egin dituzte Iribasen ikuspuntuaren defentsan, baina alferrik izan da. Egindako hutsa aitortu – eta zuzendu – beharrean, ez ikusia egiten segitzen dute, eta, ez dituzte irizpideak aldatu. STEILAS sindikatuak Giza Baliabide Zerbitzuko Buruari hitzordua eskatu dio aldarrikapenok agertzeko. Iribasek, eta bere taldeak, bere horretan jarraituko dutela esan digu. Epaiak bete eginen dituzte, beste irtenbiderik ez baitute (ezin dute helegiterik jarri). Gauzak honela, ehunka irakaslek erreklamazio eta helegitearen bideari ekin beharko dio. Lapurtu dieten dirua eskuratuko badute, bide luzea dute aurrean.

Departamentuan harro daude dirua aurreztu dutelako, ederki ongi baitakite langile guztiek ez dutela epaitegietara joko. Ez diote erreparatzen zerbitzu juridiko langileen soldata ere diru publikotik ateratzen dela, eta epaitegietan ezartzen zaizkien kostak ere nafarron poltsikotik ateratzen direla. Gobernu berriari oinordetza ederra utziko diote, honetan eta bertze hainbat aferatan ere.

Joaten direnean ez dugu euren hutsunea faltan somatuko. Zoritxarrez, kudeaketa txarraren ondorioak sufrituko ditugu.

Gehiago