Irailaren 27an 50 ekitaldi baino gehiago egingo ditu Sortuk “oroimenerako eguna ez ezik, etorkizunera begiratzeko eguna” dela aldarrikatuz
Aurtengo irailaren 27an 50 ekitaldi baino gehiago egingo ditu Sortuk herri eta eskualdeetan. Nafarroan, Iruñean, Baztanen, Beran, Etxarri Aranatzen, Leitzan, Lizarran eta Tafallan izanen dira ekimenak.
2026-ko irailak 21
Aurtengo irailaren 27an 51 urte beteko dira erregimen frankistak Txiki eta Otaegi militante independentistak erail zituenetik. Efemeridearen egunean, hilaren 27an, ekitaldiak antolatu ditu Sortuk Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotako plazetan, “Loturak askatzera!” lelopean. Izan ere, askapen prozesua une erabakigarri batean dela deritzo Sortuk, 78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak askatzeko aukerak daudela uste baitute: «Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politikoa zabaltzea lortu dugu. Eta orain askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea dagokigu».
Irailaren 27a Txiki eta Otaegi oroitzeko eguna da Nazio Askapen Mugimenduarentzat. Baina, memoriarako eguna izateaz gain, askapen borrokan berresteko, eta etorkizunera begiratzeko eguna ere badela azpimarratu dute, «urtero oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi dugu egun hau. Eta arian-arian, Nazio askapen mugimenduaren eguna bilakatzen ari da». Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrena hainbat kide eta belaunaldi elkartzen dituen eguna da Sorturentzat, «Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27an. Nazio askapen mugimendua zerbait bada borroka komunitate bat delako», berretsi dute.
Urtero-urtero, Sortuk artista bati egiten dio irailaren 27a irudikatzeko eskaria. Aurten, Mikel Erkiaga bilbotarrak egin du kartela, zatikatutako memoriaren teknika oinarri hartu, eta argazki, paisaia eta elementu sinbolikoak uztartuz osatu du.
Ekitaldiak egingo diren 50 herrien artean daude, besteak beste, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Ipar Euskal Herria (Hendaia), Agurain, Algorta, Amurrio, Arratia (Areatza), Arrigorriaga, Azpeitia, Bakio, Barakaldo, Basauri, Baztan, Bera, Berango, Bergara, Bermeo, Bidasoa (Hendaia), Busturia, Durango, Eibar, Enkarterri, Getaria, Gernika, Hernani, Itzubaltzeta, Larrabetzu, Lekeitio, Leioa, Leitza, Lezo, Lizarra, Markina-Xemein, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa, Orereta, Otxandio, Portugalete, Sakana (Etxarri Aranatz), Santurtzi, Sestao, Sopela, Tafalla, Tolosaldea (Tolosa), Ugao, Urretxu-Zumarraga, Usurbil, Zarautz eta Zornotza. Eguerdi aldera izango dira ekitaldi gehienak.
