Informazioa euskaraz bidaltzeko orduan Nafarroako Gobernua “uzkur” jokatzen duela salatu dute
Administrazioa Euskaraz taldeak "jarrera aldatzeko" eskatu dio Exekutiboari, izan ere, euren aburuz, Arartekoari emandako erantzunean UPNren Gobernuaren ildoari jarraitzeko prest dagoela "garbi" ikusten du.
2016-ko urtarrilak 4
Administrazioa Euskaraz taldeak Gobernuaren euskararen erabilpenaren inguruko hausnarketa egin du ohar baten bidez.
Nafarroako Gobernu berriak ETB Nafarroan normaltasunez ikustea eta Euskalerria Irratiaren lizentzia errealitate bihurtzea lortu dituela azpimarratu du AET-k. “Eskertzekoa da hori, baina horrekin euskararen aldeko jarduna bukatutzat eman ote duen susmoa dugu”, aipatu dute.
Aurreko Nafarroako Gobernuak eremu mistoko herritarrei zuzenduko informazioa gaztelania hutsean bidaltzen zuela gogoratu dute. Orain arte, modu orokorrean horrelako informazio gutunak bidaltzea ez zaio egokitu Nafarroako Gobernu berriari eta ezin da ziurtatu nola eginen duen.
Baina ezaguna da nola jokatzen ari den aurreko Gobernuak jaso zituen kexekin, Gobernu berriari horrelako espedienteak bukatzea dagokiolako. Adibidez, Iruñeko herritar batek kexa jarri zuen Nafarroako Arartekoaren bulegoan, koloneko minbiziaren Programari buruzko informazioa gaztelania hutsean jaso zuelako.
AET-k gogoratzen duenez, oraingo Nafarroako Gobernuak Arartekoari erantzun dio programa informatikoak ez duela aukerarik ematen horrelako kexa onartzeko. Informazioa gaztelania hutsean edo elebidun bidaltzen dela, eta hori osasun etxearen arabera edo hizkuntz eremuaren arabera egiten dela. Hau da, eremu euskaldunean elebidun bidaltzen duela eta gainontzeko eremuetan gaztelania hutsean.
“Arazoa, noski, ez da informatikoa. Nahi izanez gero, hori erraz konpon daiteke. Arazoa da sistema hori aldatzeko borondate politikoa izatea. Nafarroako Arartekoari emandako erantzunean borondate hori ez da inondik inora agertu”, salatu du Administrazioa Euskaraz taldeak.
AET-k Nafarroako Gobernuari eskatzen dio horrelako jokaera aldatzea, “Arartekoari emandako erantzuna ikusita garbi baitago UPNren Gobernuaren ildoari jarraitzeko prest dagoela”.
“Espero dezagun hurrengo informazioaren garaian oraingo Gobernuak irizpide euskaltzaleari bidea ematea. Bestela, ustekabe handia eramanen du jendeak, sinistuta baitago orain bai Gobernu euskaltzalea dugula”.