Independentistak Sareak ez du aurtengo Aberri Eguna antolatuko alderdien arteko desadostasunak direla medio

Alderdi politikoekin udazkenetik hona izandako kontaktuek ez dituztela fruiturik eman esan dute, hauteskunde garaian izanen delako aurtengo Aberri Eguna. Horregatik iragarri dute Independentistak Sareak ez duela Aberri Eguna antolatuko.

2019-ko otsailak 5

Independentistak Sareak azken bederatzi Aberri Egunak antolatu ditu, baina aurtengoan ez da horrela izanen. “Gure helburua, mundu osoan zehar barreiatuta dagoen euskal komunitate osoak ospatzeko eguna antolatzea izan da. Behin eta berriro esan dugu Aberri Eguna euskal herritarrok elkarturik ospatzeko eguna dela, alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrek elkarrekin ospatzeko eguna.

Ahalegin handia egin dute norabide horretan eta antolatu dituzten Aberri Egun guztiak oso arrakastatsuak izan direla azpimarratu dute, baina ez dute Aberri Egun bateraturik lortu. Horregatik, Aberri Egunaren antolaketan Independentistak Sareak bete duen arotik eragile esparru zabalago batek antolatutako aro berri batera jauzi egiteko garaia dela aldarrikatu zuten joan den udazkenean, eta norabide horretan pausuak egiteko proposamena egin zizkieten eragile politiko eta sozialei.

“Gure proposamena bideratzeko ahalegina egin dugu, baina gure kudeaketak ez du izan behar adinako erantzunik. 2019ko Aberri Egunari begira jauzi hori egiteko baldintzarik ez dagoela ikusi dugu. Maiatzean Udal, Foru eta Europear Hauteskundeak izango dira eta alderdiak kanpainaurrean bete betean sartuta egongo dira Aberri Egunean. Egoera horretan lehia politikoa gailentzen da amankomuneko edozein proposamenen gainetik”, onartu dute tristuraz.

“Iraganeko inertziari jarraitu eta Sareak berriro ere Aberri Eguna antolatzea luzamendu antzuetan ibiltzea” besterik ez dela uste dute. “Hauteskunde garaiaren erdian ez dago gure mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe”, diote, eta horregatik aurten Independentistak Sareak Aberri Eguneko deialdirik ez egitea erabaki dute.

“Badakigu erabaki honen ondorioa alderdi politiko bakoitzak bere Aberri Eguna antolatzea izango dela. Aberri Eguna “alderdien eguna” bihurtuko dela berriro ere. Baina ez dugu atzerapausu moduan hartuko. Parentesi bat besterik ez du izan behar”, esan dute. Gizartean eta eragile politiko eta sozialen artean hausnarketa sakona eragiteko balio behar duela erabaki honek uste dute. “Aurten egin nahi genuen jauzia, baina, 2019koan ezinezkoa egin zaiguna 2020ko Aberri Egunean lortzeko lanean hasiko gara jadanik”, iragarri dute.

Gehiago