Ikamak ikasle greba deitu du ostegun honetan “Hezkuntza bat Euskal Herrirako” lelopean
"Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko, martxoak 20an ikasleek kaleak hartuko dituzte", dio Ikamak. Iruñeko manifestazioa eguerdiko 12etan abiatuko da Hezkuntza Departamendutik.
2025-ko martxoak 17

Ikama ikasle antolakundeak Hego Euskal Herriko ikasleei kalera ateratzeko deia luzatu die martxoaren 20an, Euskal Herrirako hezkuntza propio baten beharra aldarrikatuz. Abenduan ezagutzera eman zuten Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa hain zuzen ere.
Bi hilabete hauetan “Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia” dinamikaren baitan lanean aritu dira, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan. “Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak direla eta haien interesak betetzen dituztela” salatu dute. Ikamak dioenez “Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea da, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du”.
Hala ere, hezkuntza propio baten eta independentziaren alde egitea aldarri hutsetik haratago doala argi utzi nahi dute. Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizatuko dira “Hezkuntza bat Euskal Herrirako” aldarripean. “Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat delako. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez- segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu”, dio Ikamak.
“Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da”. Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan “borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar duela” diote, eta hori “sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen dela” uste dute. Horregatik aldarrikatzen dute “euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna”.
Martxoaren 20ko greba egunean manifestazioa natolatu dute 12:00tan Hezkuntza Departamentutik hasiko dena.
