Igandean, ibilaldi laranja Ezkabako gotorlekura, jazarpen politikoaren amaiera eskatzeko
2015-ko otsailak 19
Iruñerriko Herri Harresiak Ezkaba mendirako ibilaldi bat antolatu du otsailaren 22rako, igandea. Gotorlekua jazarpen politikoaren monumentu bat da, eta, ibilaldi honen bitartez, egun, Nafarroako jende askok jotzen duen gaitz hau salatu nahi dugu.
Gaur egun, populazioaren parte bat errepresioaren, kartzelaren eta askatasun faltaren mehatxupean bizi da, eta amaiera jarri behar zaio egoera honi. Horregatik, bestelako Nafarroa baten alde, eskubide zibilen eta pertsona guztien askatasun politikoak errespetatzen dituen Nafarroaren alde, igandean motxila ilusioz beteko dugu.
Zutabe bana aterako dira goizeko 10etan Atarrabiatik (udaletxea) eta Burlatatik (Askak), eta 10:30ean Txantreatik (Kaskallueta) eta Antsoaindik (Lapurbide). Zutabe guztiak 12:30ean elkartuko dira gotorlekuaren sarreran. Bertan ekitaldi bat eginen da memoria historikoa eta orain ere jasaten ari garen errealitate latza lotuko duena.
Francok oposizio politikoa atxilotu, torturatu eta espetxeratzen zuelako eta Alderdi popularrak ere bai.
Francok abertzaleak, komunistak, sozialistak, anarkistak, errepublikanoak eta abar jazartu zituen eta egun, Alderdi Popularrak Segi, Herrira, Askapena, Batasuna edota bestelako taldeetako kideak jazartzen ditu.
Francok Asturias, Leon, Galizia, Extremadura eta beste zenbait tokitako langile militanteak kartzelatzen zituen. Eta gaur egun Alderdi Popularrak euskal herritarrak kartzelatu eta ehunka kilometrora sakabanatzen ditu politika egite hutsagatik.
Espainian boterea duten taldeak tematuta daude konponbideak boikoteatzen, sufrimendua handitzen eta luzatzen. Eta orain euskal herritarren kontrako errepresioaz baliatzen dira eskuinaren pizgarri, elementu bateratzaile modura, eskuineko botoa aktibatzeko. Eta, azken asteotan, errepresio neurrien jasa bat ikusten ari gara.
• Urteari hasiera emateko, presoen abokatuak eta Herrirako kideak atxilotu zituzten, eta haietako hiru kartzelara bidali. Gaur egun, Fran Balda zerrendari gehitu ondoren, bederatzi dira lan politikoagatik espetxean dauden nafarrak.
• Urtarrilaren amaieran, Donibaneko hiru bizilagun epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean. 16 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuten haientzat kartel batzuk jartzeagatik, baina azkenean absolbitu egin zituzten.
• Joan zen asteartean, berriz, lau antsoaindar joan ziren Madrilera Auzitegi Nazionalean deklaratzera, terrorismoaren apologiagatik inputaturik baitaude, presoen eskubideen aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik.
• Asteazkenean jakin genuen Dabid Soto eta Aritz Ganboa nafarrak eta beste hiru euskal herritar sei urteko kartzela zigorraren mehatxupean daudela, Askapena erakunde internazionalistako militanteak izateaz akusatuta. Erakundea bera legez kanpo utzi nahi dute.
• Eta ostegunean Jorge Olaiz preso ohia espetxeratu zuten; 13 urte eman zituen preso, eta orain berriz kartzelara bidaltzeko muntaia baten biktima izan da.
• Horrez gainera, Segiko kide izateagatik epaitu zituzten gazteen inguruko sententziaren zain gaude (28 epaitu zituzten, eta fiskalak sei urteko espetxe zigorraren eskaerari eutsi dio haietako 16rentzat; horietako zazpi nafarrak dira); Herrikoen auzian, Auzitegi Gorenak ez du oraindik epairik eman, eta Batasuna, EHAK eta ANV-ko 35 militanteren kontrako epaiketa hemendik gutxira hasiko da.
• Beraz, une honetan 44 nafar daude inputaturik, epaiketaren zain, egindako lan politikoagatik, eta beste bederatzi espetxean daude arrazoi beragatik.
Alderdi Popularrak ez du dinamika honekin amaitzeko asmorik eta beraz, disidentzia politikoa atxilotzen eta espetxeratzen jarraituko du. Gehiegikeria honi aurre egiteko modu bakarra, elkarren arteko lana eta mobilizazioa dira.
Iruñerriko Herri Harresietan, gure erronka, sentitzen dugun haserrea energia positiboan, elkartasunean eta konpromisoan bilakatzea da. Jazarpena sufritzen duten pertsonekiko elkartasuna eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa. Honengatik guztiagatik, igande honetan gure energia positiboa beldurraren monumentua den Ezkabako gotorlekura eramanen dugu. Hortxe, iraganean gertatutakoa gogoratuko dugu, egun bizi duguna salatuko dugu eta epaiketa politikoen etetea eskatuko dugu. Bertan ikusiko garelakoan….igandera arte.