Igandean herri galdeketak izanen dira Nafarroako hainbat herrietan Gure Esku Dagok antolatuta

Lizarraldean eta Malerrekan izanen dira herri galdeketak: Deierri bailara, Lezaun, Oteitza (maiatzaren 13an), Doneztebe, Donamaria, Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Legasan.

2018-ko maiatzak 3

Datorren igandean Araba, Bizkaia eta Nafarroako 23 udalerritan hautetsontziak kalera aterako ditu Gure Esku Dago-k, “herriaren estatus politikoaz hitza hartzeko”. Lizarraldean eta Malerrekako hainbat herrietan hilabeteetan aritu dira lanean; sinadurak biltzen, galdera adosten, herritarren parte hartzea sustatzen, konplizitateak josten, eta herri galdeketak posible egiteko guztia antolatzen, “berme guztiekin eta zorroztasunez”, Gure Esku Dagotik ziurtatzen dutenez.

“Gure bizitzetan lehen aldiz izango dugu aukera igandean Euskal Herriaren etorkizunaz bozkatzeko. Ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun. Nahiz eta jakin maiatzaren 6ko galdeketen ondoren ez dela alkaterik aldatuko eta ez dugula lau urtetako politikan zuzenean eragingo, argi dugu prozesu honek merezi duela”, adierazi dute Gure Esku Dago-ko lagunek. Galdeketaren ostean, Euskal Herria “helduagoa” izango dela ere azpimarratu dute, “ahaldunduagoa, burujabeagoa”.

Orain arte 180 herritan egindako galdeketetan ia 177.000 lagun mobilizatu dira. Igandean beste 90.000 pertsona inguruk izango dute bozkatzeko aukera, behin behineko errolda datuen arabera.

Gehiago