Hizkuntz politika berri bat aldarrikatu du EHEk Vascuenceren Legearen 29. urtemugan

“Vascuencearen" legea indargabetzea exijitu du EHEk. "Herritarrok badugu ardura Aldaketaren Gobernuari benetako aldaketa exijitzeko eta, orain da momentua, gogo hori indarrez adierazteko", azpimarratu du EHEk.

2015-ko abenduak 16

“Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntza Politika Burujabea!” lelopean, 50 lagun bildu dira Nafarroako Parlamentu parean EHEk deitutako elkarretaratzean.

“Vascuencearen” legea indargabetzearen beharra azpimarratu eta lege berri bat egiteko urratsak ematen has daitezela aldarrikatu du EHEk mobilizazioan. Halaber, gai honekiko “gobernua mutu dagoela” eta, gaur gaurkoz, “tabu dela” salatu du Gorka Iriarte, eragile euskaltzaleko kideak. Bere ustean, “-aldaketaren gobernua- bere burua izendatu duenak ez du lege berri bat helburu”.

Izan ere, gobernua osatzen duten lau indar politikoen artean adostutako programa akordioan ez da jasotzen euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko duen lege berri bat egitea. Eta azken neurrietatik harago, ez dago hizkuntza politika sendo bat definiturik.

Horren aurrean, gobernuarekin elkarlana abiatzeko prestutasuna agertu du euskalgintzak, eta hala berretsi du Euskal Herrian Euskarazek mobilizazioan. Baina, bertan adierazitakoaren arabera, “helburua argi azaldu behar du gobernuak, eta argi adierazi ematen diren urratsak vascuencearen legea gainditu eta Hizkuntza Politika Burujabe baten noranzkoan emateko prest dauden”.

Bestalde, benetako aldaketa gauzatu dadin herritarren presioa beharrezkoa dela azpimarratu du Iriartek: “herritarrok badugu ardura Aldaketaren Gobernuari benetako aldaketa exijitzeko eta, orain da momentua, gogo hori indarrez adierazteko”.

Gehiago