“Hitzetatik harago” etxebizitzaren erronkari heltzeko eskatu dio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari
2027. urtean babes ofizialeko 190 etxebizitzek babes sozial hori galdu dezakete Iruñea eta Iruñerrian, eta LAB sindikatua bizilagunekin batera borroka bat abiatu du etxebizitza horiek babes soziala gal ez dezaten.
2026-ko ekainak 23
LAB sindikatuak etxebizitzaren eremuan ekintza sindikala antolatzeko hautua egin du, eta horren adibidea da Txantrea, Buztintxuri, Sanduzelai, Etxabakoitz eta Arrotxapea auzoetako bizilagunekin batera aurrera daraman borroka eman daitezkeen ehunka etxegabetzeak geldiarazteko. 2027. urtean babes ofizialeko 190 etxebizitzek babes soziala galdu dezakete, eta horietan bizi diren pertsonak etxegabetu ditzakete funts putreek.
Jaime Iribarren (LABeko Ekintza Sozialeko Nafarroako arduraduna) eta Imanol Karrera (LABeko bozeramailea Nafarroan) hedabideen aurrean azaldu dira gaur egun Nafarroan dagoen arazoa aztertzeko eta Foru Gobernuari konpromisoak eskatzeko.
Ostegun honetan PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin alderdiek etxebizitzaren legea aldatzeko egin duten proposamena aztertuko da, eta baliteke aurrera egitea Geroa Bai alderdiak bere aldeko bozka ematen badu. Txantreako Ezkabako bizilagunekin batera LAB egiten ari den etxebizitzarako ekintza sindikalaren ondorio dela eta horregatik balorazio positiboa egin duela baieztatu dute. Ekimen honekin etxebizitza horiek merkatu librera joatea saihestuko zen babes sozialari eutsiz eta maizterrak etxebizitzetan mantenduz.
Hala ere, onartu dute “etxebizitzek funts putre baten jabetza izaten” jarraituko dutela, eta ondorioz alokairuagatik negozioa egiten jarraituko dutela. LABen iritziz, etxebizitza guzti horiek administrazio publikoarenak izan beharko lirateke, diru publikoarekin eraiki zirelako. “Hau ikuspegi demokratiko batetik onartezina da eta Gobernuaren esku-hartze publikoa legezkoa izateaz gain, erabat justifikatuta dago”. Argudio horrekin jarraituz, eta Chivite lehendakariak «esku pribatuetan lur asko dagoela» hitzak gogora ekarriz, LABen aldarrikapena desjabetzea dela azaldu du Karrerak. Beraz, honako galdera utzi du airean: “Noraino iristeko prest daude Chivite eta Alfaro andereak langileen gehiengo sozialaren beharrak defendatzeko?”.

Karrerak aipatu du etxebizitzaren erronkari behar bezala heltzea badela antidotorik onena eskuin muturraren aurrean eta langileei alternatiba dagoela erakusteko: “Madrilen Ayusok alfonbra gorria jartzen dio Testari. Nafarroan beste gauza bat egiteko aukera dago, egin dezagun”.
Amaitzeko eta eskuinaren jarrerarekin lotuta, Geroa Bai alderdiari mezu argi bat igorri dio: “ez ezazu Ezkabako bizilagunak eta langileak bakarrik utzi. Osteguneko Lege Proposamenak babes juridiko osoa dauka. Beraz, benetan zalantza horiek juridikoak dira edo Adania eta Errotabidea bezalako enpresa pribatuen interesak nola defenditu pentsatzen ari zarete? Edo familien alde edo enpresen alde, kasu honetan ez dago beste aukerarik”.
Testaren kasua Etxabakoitz, Sanduzelai, Buztintxuri, Artika eta Arrotxapea auzoetan
Ondoren Jaime Iribarrenek, Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradunak, hitza hartu du azken hiru urte hauetan LABek garatutako etxebizitzarako ekintza sindikala azaltzeko, Ezkabako kasu ez baita bakarra. Bere hitzetan “aholkularitza kolektiboaren bidez dozenaka afiliatu lagundu ditugu; etxegabetzeak gelditu, alokairu fidantzak errekuperatu, kontratuen luzapenak kudeatu eta ohiko diren hamaika arazoei irtenbidea eman dizkiegu. Ikasturte hasieran gatazka kolektiboak antolatzen hasi gara. Etxebizitzarako ekintza sindikal integrala egiten dugu, afiliatuekin, kalean eta bizilagunekin batera. Etxebizitza departamentuarekin harremanak ditugu arazo guzti hauei konponbide bat eman diezaioten”. Etxebizitzarako ekintza sindikal horren aldarrikapenak eta lehentasunak zehaztu ditu LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak: “publikazioa (desjabetzea), titulartasun publikoa; kontratu mugagabeak; eta prezioak jaistea”.
Babes Ofizialeko Etxebizitzak diru finantzaketa publikoarekin eraikiak direla gogoratu du Iribarrenek. Egungo egoera UPN eta PSNren arteko gobernuek hamarkadetan garatutako etxebizitza politikaren ondorioa dela azpimarratu du Iribarrenek. “Diru publikoarekin etxebizitzak eraiki dira higiezin patronal pribatuen esku uzteko, beraien interesak asetzeko”. Testaren kasuan Gobernua berandu iritsi dela azaldu du Iribarrenek, “Nafarroak inoiz ezagutu ez duen ariketa espekulatiboa gauzatu nahi du”. Egun Babes Ofizialeko Etxebizitzak izateari utzi dioten Testako blokeetan alokairuan bizi diren familiei irtenbide bat ematea beste bide batetik egin beharko dela adierazi du ere. “Etxebizitza negozioa borobil atera zaio Testari, doakoa guztion kontura. Alde batetik, administrazio publikoaren finantziazioarekin; bestetik, urte hauetan (25 urte inguru), alokairu-kuoten bidez. Horri begira ere jarri da LAB sindikatua. Ezkaban bezala, Testako bizilagunekin antolatzen hasiak gara eta Testa aurrean izanen gaitu, ondorio guztiekin”.
Iribarrenek berretsi du Karrerak egindako desjabetzearen aldeko aldarrikapena, “inolako zalantzarik gabe desjabetu egin beharko lirateke, kostuaren erdia baino gehiago administrazio publikoak ordaindu duelako, beste erdia, maizterrek. Testak doan atera zaiona saldu nahi du, bere titulartasuna delako. Hala ere, ez da onargarria Testari bi aldiz ordaintzea. Izan ere, etxebizitza horiek erosteko Gobernuak 50 eta 100 milioi arteko kostua aurreikusten du. Burugabekeria horren aurrean, desjabetzea da konponbidea”.
LAB sindikatuak eta etxebizitza hauetan bizi diren hamarka familiek mobilizazioak antolatu eta deitu dituzte hurrengo egunetarako. Lehenengoa, ostegun honetan bertan goizeko 11etan Nafarroako Parlamentuaren aurrean (Baluarte plazan). Eta bigarren deialdia, ekainak 30, arratsaldeko 19.00etan “Testa espekulatzaile! ¡Expropiación!” lelopean elkarretaratzeak Buztintxuri, Sanduzelai, Etxabakoitz eta Arrotxapean auzoetan.


Gehiago
Hiru pertsona ikertu dituzte etxegabetze batean protesta egiteagatik
Testa Residencialak kaleratu nahi dituen Iruñerriko bizilagunak kalera atera dira Artika Berrin, Arrotxapean, Sanduzelain eta Etxabakoitzen
