Hirugarren urtez Generoen Eztanda jardunaldiak heldu dira Iruñera
Ekainaren 6tik 28ra luzatuko dira Lumatzak eta Subeltz gune antiautoritarioak antolaturiko generoari buruzko jardunaldiak.
2014-ko ekainak 11
Trasgresio eta degenerazio gune bat sortu, horixe da Lumatzak eta Subeltzek duten helburua 3. urtez antolatzen dituzten jardunaldiokin. “Generoen degenerazioa, rolena, praktikena, desioena… ikasitakoa degeneratzea, inposatutakoa, beti egin izan omen dena degeneratzea”.
Izan ere, bi eragileen ustez degenerazioa eredu berriak sortzeko mekanismoa izan daiteke: “degenera gaitezen gure buruak eraikitzeko, sentitzeko eta harremantzeko eredu berriak sortzeko. Gure buruak degeneratu nahi ditugu gure buruak askatzeko, inposizio moralak, patriarkalak zein kapitalistak atzean uzteko, modu horretan elkarrekin gozatzeko eremu berrietara iristeko”.
Egitaraua
Hitzaldi eta ikuskizun ugari izango dira egunotan Subeltz gunean zein txoko Feministan burutuko diren ekimenak. Datozen egunetan, besteak beste, emakumeen eiakulazioari buruzko tailerra, “¿Qué coño es queer?” hitzaldia, “zentzumenen tunela” eta “Todo por amor” antzerki-foroa izanen dira. Ekainaren 28an, bukatzeko, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunaren manifestaldira joateko deia egiten dute.
Informazio gehiago kusteko kontsultatu egitaraua osorik.