Herrien burujabetza eta bizitza duina aldarrikatuko du Emakumeen* Mundu Martxak gerra testuinguru honetan
2025-ko maiatzak 9

Emakumeen* Mundu Martxako VI. ekintza internazionala asteburu honetan Euskal Herrian izanen du hitzordu nagusia. Hogei urte baino gehiago dira bost urtean behin ekintza martxan jartzen dela, eta aurten ere halaxe egingo da.
Aste honetan zehar, Euskal Herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza egin dira, eta bihar larunbata hainbat jarduera eginen dira, besteak beste, Bardeetan ekimen bat eta Donostian manifestazio bat (19:30ean Easo Plaza). “Lurraren defentsan, mundu eta bizitza bizigarriak erdigunean jarri nahi ditugu klima larrialdi bete-betean aurkitzen garen honetan, non baliabide naturalen ustiaketa, biodibertsitatearen galera masiboa, lurren esplotazioa, etab. oso abiadura azkarrean gauzatzen ari den. Argi utzi nahi dugu, guzti hau planetaren ustiatze eta xahutzea oinarri duen gizarte-ereduaren ondorio dela, aipatutakoa bultzatu, sostengatu eta ahalbidetzen duten erakunde finantziario eta ekonomikoekin batera. Horregatik, Emakumeon* Mundu Martxatik, jendarte-eredu horretara bideratzen gaituzten eta arduradun diren erakunde ekonomiko zein finantziarioak interpelatuko ditugu. Hauek salatu eta bizi-eredu jasangarriago baterantz joan nahi dugula argi uzteko. Ahaztu gabe, ustiaketa hori ipar globalak hego-globalarekiko egiten duela eta, egun, hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa dela”, dio Mugimendu Feministak.
Emakumeon* Mundu Martxatik “sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista honi zuzenean begiratzeko” beharra mahagaineratu du. “Jendarte-egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da. Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, sistemak berak sortzen dituen eta etengabe erreproduzitzen dituen subjektuak. Non gorputz migratu zein arrazializatuak diren zapalkuntza hauen jopuntuan aurkitzen direnak, besteak beste”.
Migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio direla azpimarratu nahi dute VI. Nazioarteko Ekintza honetan. “Hori horrela, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurrien artean kokatzen dugu, eta indarkerkeria eta arrazismo instituzionala salatu nahi dugu, baita egitura guzti hauek sostengatzeko bideratzen dituzten inbertsioak ere”.
Indarkeria matxistei ere helduko diote. “Indarkeria matxistak egiturazkoak direla ulertzen baitugu, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko, gizonek, gizon-taldeek, erakunde patriarkalek eta Estatuek tresna gisa erabiltzen dituztenak”.
Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxa aste honetan zehar mobilizazioak eta ekintza performatiboak egiten ari da, eta ekainaren 13, 14 eta 15ean Europa mailako Nazioarteko VI. ekintza Marsellan burutuko dela iragarri dute.