Haur eskoletako aurrematrikulazio euskarazko ereduan egiteko deia egin Antsoaingo gurasoek

Haur eskoletako 2020-2021 ikasturterako aurrematrikulazio epea hasi da eta nahiz eta Antsoainen haur eskolan euskarazko eredua aukeratzeko aukerarik ez egon seme-alabak Iruñeko eta Iruñerriko haur eskola euskaldunetan aurrematrikulatzera animatu nahi dituzte gurasoak.

2020-ko maiatzak 26

Antsoainen haur eskola euskaldunik gabe jarraituko dugu beste urte batez; haurrak ezingo ditugu euskarazko ereduan matrikulatu herrian. Horregatik, Antsoaingo gurasoak seme-alabak Iruñeko eta Iruñerriko haur eskola euskaldunetan aurrematrikulatzera animatu nahi zaituztegu. Zaila, oso zaila izango da haurrak onartuak izatea -antsoaindarrak izateagatik puntu gutxiagorekin abiatzen gara-. Iruñeko haur eskoletan adibidez ia ezinezkoa, euskarazko eskaintza murriztu baitute.

Hala ere, onartutakoen zerrenda behin ezagututa -Uztailaren 1ean izango da-, emango diren egoera ezberdinekin Antsoaingo Udalarengana joko dugu behar duten konponbidea eskatzera: Izan plazarik gabe geratu garelako; plaza lortu bai, baina kilometro batzuetara; sare pribatuan izena ematera behartuak garelako…

Egoera horiek guztiak behar bezala kudeatu ahal izateko, gurekin lehenbailehen harremanetan jartzea eta horien berri ematea garrantzitsua izango da.
Hemen duzue gure posta elektronikoa: antsoaineuskaldundu@gmail.com

Bestetik, Udalarekin martxo hasieran batzartu ginen. 2021-2022 ikasturtean Udal haur eskolan euskal adarra abian jartzeko zirriborro plan bat aurkeztu zigun. Itxaropentsu irten ginen bilkuratik. Orain, behin betiko PLAN PROPOSAMENAren zain gaude. Ikasturtea amaitu baino lehen aurkeztuko zigutela esan ziguten Udal ordezkariek.

Gehiago