Hainbat kolektibok salatu dute 250 pertsonak kalean igaro dutela negua

Nafarroako eragile batzuek etxerik gabeko hainbat pertsonei aterpea eman diete gaua pasa ahal izateko eta otorduak ematen ari zaizkie.

2025-ko maiatzak 6

Iturria: Euskalerria Irratia

“250 lagun baino gehiago izan dira aurtengo neguan kalean, aterperik gabe lo egiten”, salatu dute zenbait kolektibok, tartean, Dar Etxea, Katakrak, CGT eta Bakearen Etxeak. “Herritar horiei ez zaie aterabiderik eman edo aukerarik bilatu euren egoera zaurgarriari bide emateko”, esan du Samira Calvo Katakrakeko kideak. Egoera larri hori ikusita kolektibo horiek batu eta elkartasunaren bidetik eta premiazko irtenbidea eman behar zitzaiola iritzita 60 familia eta norbanakori etxebizitza alternatiba bat eskaini diete.

Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikarekin kritiko azaldu dira Dar Etxea, Katakrak, CGT eta Bakearen Etxea kolektiboak. “UPNren politikarekiko kontinuistak dira euren burua ezkerreko indar gisa dutenak”, esan du Samira Cano Katakrakeko kideak.

250 lagun egon dira kalean bizitzen neguan kolektiboen esanetan: “Etxerik gabe negua kalean pasa dutenen gehiengoa, jatorriz atzerritarra da. Erakundeek eskaini dieten baliabide ezari gehitu behar zaio muga-politikan ere eskuinak proposatzen duen jarrerarekin bat egiten dutela ezkerreko alderdiek: dei efektuaz hitz egiten, beste alde batera begiratzen edo bertako langile klasearen bizi-mailari eutsi nahi izanda bestelako lehentasunak markatzen”. Era berean, ezkerrak zabaltzen dituen mezuetan migranteak ez dituela kontuan hartzen salatu dute, nahiz jakin, ezinbestekoak direla zenbait “pribilegioz” gozatzen segitzeko: “Anitza eta mestizoa den langileria nahitaezkoa da ezker moralista eta adeitsu horrek bere bizi-mailari eutsi diezaion: Amazonetik jasotako paketetxoak, tomateak mahai gainean urte osoan, kañak juebintxoan, haien etxebizitza erreformak edota 24 orduz zaintza-lan ziurtatuak gaixo dagoen familiako kideari”. 

Borroka ziklo berri bat hasi dute kolektiboek: auto antolakuntzaren bidez, bizi baldintza duinak eraiki nahi dituen komunitate anitz bat eratzeko.

Gehiago