Hainbat emakumek haien gorputzak erregistratu dituzte ondasun higiezinen erregistroan

Nafarroako Emakume Feministen Koordinadorak deituta, abortuaren legea erreformatzeko aurreproiektuaren aurkako ekimena burutu dute 20 bat emakumek.

2014-ko otsailak 26

Ekimenean parte hartu zuen Zelaida Biurrun-en hitzetan «ezin dugu onartu egin nahi duten erreforma. Emakumeok tenteltzat hartu nahi gaituzte, deus egiteko gai izanen ez bagina bezala. Bertzeen esku utzi nahi dituzte guri bakarrik dagozkigun erabakiak. Gure gorputza gurea da, eta gurea da erabakitzeko eskubidea, ez bertze inorena. Zerbitzu guztiak pribatizatzen ari da gobernua, eta emakumeona den eskubidea, berriz, bere egin nahi du, eta gure ordez erabaki».

Amaia Kowasch-en ustez «sare publikoak bermatu beharreko osasun zerbitzua behar du abortuak; lege integrala behar dugu, sexu osasuna eta ugalketa kontuan hartuko dituena».

Erreforma klasista
Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreforma «klasista» ere badela gaineratu dute koordinakundeko kideek. «Baliabide ekonomiko gutxien duten emakumeek jasanen dituzte, batez ere, erreformaren ondorioak, ez dutelako kanpora jotzeko aukera izanen abortatzeko».

Datozen egunetan ere bertze hainbat emakumek haien gorputzak erregistratuko dituztela iragarri dute.

Gehiago