“Gure hautuez harro” lemapean Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa eskuratzeko kanpaina berri bat martxan jarri du Errigorak
Otsailaren 27tik martxoaren 12ra eskatu ahal izango dira Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta arroz, pasta eta kontserba-sortak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan "Eskutik eskura" kanpaina berri bati esker.
2020-ko otsailak 27
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren 2020ko edizioaren aurkezpena egin du euskara eta kontsumo arduratsuaren aldeko ekimenak.
Eskutik eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoaldeko baratzeko produktuak Euskal Herriko sukaldeetara ekarri nahi dituena. Arduraz ekoizten dena arduraz elkartrukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera bat da. Eguneroko ohituretan eragiteko modu bat, beste askoren artean.
Praktikan, oliba-olio birjina estra eta arroz-, pasta- eta kontserba-sortak eskaintzen dira, urte guztirako besteko eskaera egiteko gonbidapena luzatuz, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Eta hau guztia auzolanean egiten dute, 100 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntarioen lanari esker.
Guztira 16 ekoizlek hartuko dute parte aurtengo kanpainan: Nafarroa hegoalde eta erdialde zabaleko 5 olio-errota, 9 kontserba-etxe eta arroz-ekoizle eta pastagile bana. Urtez urte, kontsumitzaile arduratsuen kopuruarekin batera, haziz doa eskutik eskura kanpainaren inguruan osatu den ekoizleen familia.
“Gure hautuez harro da aurtengo kanpainaren leloa. Izan ere, harrokeriarik gabe, apaltasunez, harro gaude. Gure pentsamoldearen arabera jokatzen dugulako harro: egunero daukagu aukera pentsatzen dugun moduan jokatzeko, koherenteak izateko. Bada, eskutik eskura pentsatzen dugunaren arabera jateko bide bat da. Ekintza txikiekin helburu handiak lortzen ari garelako harro gaude. Osatzen ari garen komunitateaz harro gaude: kanpaina hau ez da norbere kabuz mundua aldatzeko deialdia; kanpaina honen zentzua talde-dimentsioak ematen dio. Gure hautuek eragina izan dezaten beharrezkoa baita askoren hautuak izatea. Ekoizle, kontsumitzaile eta auzolangileez osatutako komunitate zabal bat eratzen ari gara, bestelako harreman-ereduak bultzatuz. Azken finean, harro gaude gure hautuek bestelako eredua bultzatzen dutelako. Bestela ekoizteko, bestela kontsumituz. Bestela kontsumitzeko, bestela elkartrukatuz. Bestela elkartrukatzeko, bestela ekoitziz, Euskal Herrian sortuta dauden eta sortzen ari diren hamaika proiekturekin batera ari da Errigora”, azaldu dute Errigorako arduradunek.
Errigora, gora
Emandako datuen arabera, Errigora proiektuaren hazkundea oso nabarmena da. 2014tik hona 1.500 familia izatetik 6.500era pasa dira. 4 ekoizle izatetik 16 izatera. 30 herritan kanpaina egitetik 100 herritan egitera. Eta pausu kualitatibo garrantzitsuak ere eman dituzte: eskariaren bidez lortu dute gero eta ekoizle gehiagok egitea bertako ekoizpenaren eta agroekologiaren aldeko hautua. Horrela bete daitezke gaur etxeetako despentsa orburu ekologikoz edo bertako gariarekin egindako pastaz. Urteren batean zainzuri ekologikoen eskaerari erantzun ezinik gelditu dira. Eta zubiak eraiki behar izan dituzte nekazari eta elaboratzaileen artean, ekoizpenaren munduko hainbat eragilerekin elkarlanean.
Eskariak egiteko bideak
Eskaerak online egin daitezke edo, modu presentzialean, tokian toki, 100dik gora herritan. Produktuak formatu handian eskaintzen dira: oliba-olioa 5 litroko bidoietan eta arroz, pasta eta kontserbak 12 ontziko sortetan. Banaketa eta ordainketa bi txandatan egiten da: martxoa-apirilean olioa eta maiatzean sortak.