Gure Esku Dago Bortzirian erabakitzeko eskubidearen aldeko doinuekin “dantzan”
Lesakan egindako erabakitzeko eskubidearen aldeko lip dub-a dagoeneko sarean ikusgai dago.
2014-ko martxoak 24
Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoa ttiki geratu zen igandean Lesakako ‘Gure esku dago’ lip dub-aren estreinaldian. 300 lagun inguru hurbildu ziren Harriondoara, hauetako asko beraien burua pantaila handian ikusteko gogoz. Txalapartariek eman zieten hasiera ekitaldiari eta segidan bertsolariek erabakitzeko eskubidearen inguruan kantatu zuten. Ondotik, Isidro Etxeberriak lip dub-aren grabaketaren egunean ateratako argazkiekin egindako making of-a bat ikusteko aukera izan zuten. Azkenik, sektore eta sentsibilitate desberdinetako bortziritarrak protagonista diren ‘Gure esku dago’ lip dub-a eman zen. Jendeak, hunkituta, txalo zaparrada batekin erantzun zuen.
Lesakako ‘Gure esku dago’ taldeak antolatutako lip-dub honen grabaketarako Bortzirietako ehundaka lagun bildu ziren Onin errekaren inguruan, bertzeak bertze: Olentzero, zakozarrak, txalapartariak, arte martzialen eskolakoak, bertso eskolakoak, pilota eskolakoak, Bortzirietako gorriak, rock taldeak, ikastetxeetako guraso eta ikasleak, trikitilari eta panderojoleak, txistulariak, musika bandakoak, peñen eguneko tanborrada, Beti Gazteko futbol eta sokatira taldekoak, Lesakako eta Giltzarri abesbatzetako kideak, Fraindarrak, erraldoiak eta buruhandiak, Bihotzkada artisau taldekoak, komertzianteen elkartekoak, Igantziko Biltokiko txirrindulariak, Lesakako, Berako eta Igantziko dantzariak, Gazte Asanbladakoak, pilota eskolakoak, ezpatadantzariak… Etxalarko Jon Mitxeltorenak “Goxpal” egin zituen grabaketa lanak eta muntaia.