Grupo Antolín enpresako langileek lanuzteak egin dituzte gaur euren lan baldintzak hobetzearen alde

Grupo Antolín enpresako langileek "masiboki" erantzun diote ELAk, CCOOk eta ordezkari independente batek lan-baldintzak hobetzeko deitutako txandako 2 orduko lanuzteei. Talde enpresarial honek Volkswagenen enpresa hornitzaileen artean "lan-baldintza okerrenak dituen enpresa" dela diote sindikatuek, nahiz eta irabaziak % 36 igo diren arren.

2021-ko abenduak 23

Grupo Antolín enpresak Volkswagen, Seat eta Audi markentzako ibilgailu barruko piezak fabrikatzen ditu, eta 120 langile inguru ditu, horietatik 70 inguru emakumeak.

ELAk ohar batean zabaldu duenez, Grupo Antolinen lan-baldintzak “okerrenak dira” Volkswagen hornitzen duten Nafarroako enpresen artean. Azaldu dutenez, “batez besteko soldata baxuena dute, jaiegunetako lana okerren ordaintzen da eta eskubide sozial gutxien dituena da. Gainera, azken urteetan erosteko ahalmena galdu da, enpresan sartzeko baldintzak okertu egin dira, ekoizpena eta lanaldia handitu dira, enplegu-bermea ez da betetzen, eta enpresa-ituna iraungita dago 2020tik”. Hau guztia enpresak aurtengo lehen sei hilabeteetan iaz baino %36,3 gehiago irabazi eta gero.

Horregatik, ELAk, CCOOk eta ordezkari independenteak deitutako hainbat batzarren ondoren, plantilla aktibatu egin da eta mobilizatzen hasi da lan-baldintzak hobetzeko eta enpresa-ituna lortzeko.

Gaur txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak deitu dira, eta langileak “erantzun masiboa ematen” ari direla ziurtatu dute sindikatuek, UGTko ordezkariak (Batzordean gehiengoa direnak) parte hartzen ari ez diren arren.

Gehiago