Garraiolari bat hil da gaur Arren lan istripu batean, aurten Euskal Herrian hil den 21. langilea

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren. 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil dira lanean edo lan istripuz ‒laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe‒, eta horietako zazpi garraiolariak izan dira.

2024-ko apirilak 22

Sindikatuek azkenaldian bereziki salatzen ari diren moduan, garraiolarien artean istripuen intzidentzia oso altua izaten ari da. “Hainbat faktore daude intzidentzia horren atzean, baina bada guztien artean gailentzen den arrazoi bat: prekaritatea gero eta hedatuagoa dago sektorean”, salatu du LAB sindikatuak ohar batean. ELAk ere bat egiten du ikuspegi honekin, eta “erantzule nagusiak” patronala eta erakunde publikoak jo ditu, prebentzio lana egiten ez dutelako. “Hiru hamarkada ondoren enpresariek prebentzio araudia bete gabe jarraitzen dute inpunitate osoz, eta horren ondorioz, lan istripu hilgarri eta larrien erdiak babes neurri egokien gabeziagatik gertatzen dira. Nafarroako Gobernuak berriz, uko egiten dio ez-betetze horien kontrolerako beharrezkoak diren bitartekoak ezartzeari, lan osasun politiketara bideratutako diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkorrean xahutzen duen bitartean”, dio ELAk.

Oso prekarioak diren lan baldintzak dituzte garraiolariak. Hala deskribatzen ditu LABek: “lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Eta horrek guztiak istripuak sortzeko aukerak areagotzen ditu eta, era berean, arazo kardiobaskularrak eragiteko koktel perfektua sortzen du”.


Ekitaldia Labriten, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko egunean

Apirilaren 28an Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna izaten da, eta bezperetan, ELAk apirilaren 26an Labrit pilotalekuan egingo du ekitaldia.

Bestetik, apirilaren 25ean, ortzegunarekin, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek protesta ekintza bat eginen dute Iruñean, garraiolarien eta errepideetako istripuen datu latz horiek salatzeko, goizeko 11:30etan, Gazteluko plazan.

Gehiago