Greziar herriarekin elkartasun ekitaldia antolatu dute ostiralean

EH Bildu, Podemos, Ezkerra, LAB, CGT, CCOO, UGT, Askapena edota Junta Errepublikarrak, besteak beste, austerizidioaren kontrako elkartasun ekitaldia antolatu dute Iruñean.

2015-ko uztailak 2

Ekimenaren antolatzaileek adierazi dute igand ehonetan Grezian egingo duten herri galdeketa etorkizunari begira garrantzia handia izango duen ariketa demokratikoa dela, eta horrekin batera, Europako herri zein sektore aurrerakoi guztien babesa behar dutela gaineratu dute. "Botere ez demokratikoen txantailei aurre egin behar zaie".

Izan ere, Greziako herriak une kritikoa bizi duela azaldu dute. "Hartzekodunek eta horien zerbitzura dauden erakunde ez demokratikoek sekulako erasoa zuzentzen ari dira Greziaren eta aldaketaren Gobernuaren aurka". Hala, aldaketa oztopatu eta greziar herritarrak ito nahi dituztela irmoki salatu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Azkenik, greziarren borroka guztioi eragiten digula nabarmendu dute, "demokraziari, justiziari, eta zehazki, herritarrok erabakiak hartzeko dugun eskubideari eragiten diolako".

Hamaika deitzaile
Ugariak eta anitzak dira ekimenaren antolatzaileak: EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra, Equo, Aranzadi, Solidari, LAB, CGT, CCOO, UGT, PCE-EPK, Sasoia, Askapena, Internazionalistak Auzolanean, Junta Republicana de Izquierdas eta Movimiento Democrático de Mujeres.

Gehiago