Greba eginen dute Burlatako igerilekuetan eta kultur etxean kirol eta kultur patronatoen desagerpena salatzeko
Navarra Sumak zuzentzen duen Udal Gobernuak ekainaren 30ean Burlatako Kirol eta Kultur patronatuak desagerrarazi nahi ditu. Patronatu horietan parte hartzen dute eragile sozial eta kulturalek eta alderdi politikoek, eta amankomunean hartzen dituzte erabakiak. Burlatako eskuinak eragileen parte hartzea galarazi nahi du erabaki honekin. Egoera honen aurrean, Burlatako igerlekuetan eta kultur arloan lan egiten duten langileek bihartik aurrera greba egitea erabaki dute.
2022-ko ekainak 16
Bero bero dago giroa Burlatan jakin zenetik Navarra Sumaren asmoa Kirol eta Kultur patronatuak desagerrarazi nahi zituela. Orain, zer gertatuko den PSNren eskuetan dago, eta datorren udalbatzan erabakiko da. Langileen hitzetan, alderdi honek du giltza: “PSNk hilaren 30ean du patronatuak suntsitzeko edo prozesu hori geldiarazteko giltza, eta hausnarketa-prozesu bat egiteko. Prozesu horretan, antolaketa-aukerak lasaitasunez aztertuko dira, eta, benetako parte-hartze prozesu baten bidez, patronatu, elkarte, klub eta kirol eta kultur erakundeen plantillak, alderdi politikoekin batera, Burlatarako aukerarik onena erabakiko dugu. Burlatako kirol patronatuko eta kultura patronatuko langileen asanbladak ekainaren 18an, larunbata, hasiko den greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du igerilekuei eta kultur etxeari eragingo diena”, adierazi dute ohar batean. Langileek patronatuak desegitea salatuko dute greba honekin.
Bere aldetik, Burlatako alkateak “justifikatu gabeko” gutxieneko zerbitzuak agindu ditu “greba hau saboteatzeko”, salatu dute LAB eta ESK sindikatuek. “Batzuetan, gutxieneko zerbitzuetan agindu dutena baino langile gutxiagorekin lan egin da igerilekuetan. Gogoratu behar da aurreko greba-deialdietan ez zela gutxieneko zerbitzurik ezarri ez kultur patronatuan, ez kirol patronatuan; eta pandemia garaian alkateak ez zituen funtsezko zerbitzu gisa dekretatu… orain funtsezkoak izatera pasatu diren bi zerbitzu horiek”, kexu dira.
Kritikatu egin dute Navarra Sumak patronatuak ezabatzeko egindako proposamena “aurretik alternatiba hobeago bat landu gabe, sekretismoz jokatuz eta erabaki horretan langileak eta Burlatako dozenaka elkarte, klub eta kirol eta kultur erakunde kontuan hartu gabe”.
Bihar ostirala, 20:00etan Burlatako Udaletxe plazan elkarretaratze bat eginen dute.