Gora herri langilea eta gora Maiatzaren Lehena!

Ahotsa eta Ekinklik hedabideek Maiatzaren Lehenari begirako spot hau prestatu dute, bizi dugun salbuespen egoera berezi honetan langile klasearen garrantzia azpimarratzeko. Maiatzaren Lehenean ez dugu heroirik nahi. Langileen eskubideak errespetatuko duen jendartea baizik. Bizitzak defendatu eta erdigunean jarriko dituen jendarte baten alde lanean jarraituko dugu, eraldaketa sozial horren alde lan egiten dutenei ahotsa emanez.

2020-ko apirilak 30

Koronabirusak gure bizimodua erabat hankaz gora jarri du. Gure egunerokotasuna baldintzatu du, eta agerian geratu dira gure jendartean aspaldidanik genituen arazoak.
Koronabirusak gogoratu digu langile klasea dela mundu hau funzionamenduan mantentzen duena eta, bereziki, ezinbestekoak direla zaintza eta funtsezko jardueretan lan egiten duten beharginak.

Lan horietan, ordea, prekarietatea da nagusi.
Feminizatuak diren lan horietan,
miseriaren truke dena eman behar den jarduera horietan,
koronabirusak agerian utzi du sistema honen justizia eza.

Maiatzaren Lehenean ez dugu heroirik nahi. Langileen eskubideak errespetatuko duen jendartea baizik. Ez dugu martirik behar, lana bukatzerakoan etxera bueltatzen diren gizon eta emakumeak ikusi nahi ditugu.

Bizitzak defendatu eta erdigunean jarriko dituen jendarte baten alde lanean jarraituko dugu, eraldaketa sozial horren alde lan egiten dutenei ahotsa emanez.

Gora herri langilea eta gora Maiatzaren Lehena!

Gehiago