Gobernua euskararen garapenaren alde bat egiten ez duten neurriak hartzen ari dela salatu du Kontseiluak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezka agertu du azken asteotan hezkuntzaren esparruan Gobernua hartzen ari den zenbait erabakirekin eta dei egin dio jarrera birbideratu eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko politika sendoak abian hartzeko.
2020-ko otsailak 19
Harridura eta kezka sortu dute Kontseiluan Nafarroako Gobernuak hartutako zenbait erabakik, besteak beste, Mendigorrian eta Castejonen eskoletako ikasleei eragiten dietenak. “Gogoratu behar dugu Gobernuaren lana dela egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea; ez, ordea, oztopoak jartzea” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Mendigorriari dagokionez, kontuan hartu behar da hurrengo ikasturteetan D ereduko lerroa betetzeko beste ikasle izango direla. Oraingoan, bi ikasleren gorabeherengatik Gobernuak ez du euskarazko lerroa bermatu nahi izan, etorkizunean bideragarria izango den arren “Erabaki oso larria da, are gehiago, kontuan hartuta nola ibili behar izan duten gurasoek azken asteotan aurrematrikulazioa egiteko” azaldu du. “Neurri proaktiboak hartzea baino, euskaraz ikasi nahi dutenei erraztasunak ematea baino, Gobernuak burugogor dihardu D ereduko lerroak zabaltzeari oztopoak jartzen” gaineratu du Bilbaok.
Castejoni dagokionez, Bilbaok lehenik eta behin gogoratu nahi izan du PAI eredua zein testuingurutan sortu zen: “2013an orduko lehendakariak adierazi bezala, D ereduaren igoera galgatzeko estrategian kokatzen zen PAI. Are gehiago, beste erkidego batzuetan ere, Balear Uharteetan esaterako,helburu bertsuekin jarri zituzten abian horrelako ereduak. Ondorioz, euskararen garapenaren kontrako hizkuntza-politika bati lotutako hezkuntza-eredua dela berretsi behar dugu” adierazi du.
Hori horrela izanik, Kontseiluaren arabera, deitoragarria da ikastetxe bateko eskola-klaustroak eredu horretatik ateratzeko eskaera errefusatzea eta, gainera, arrazoi gisa jartzea egoki justifikatu ez izana. “Kontuan hartu behar dugu PAI eredua desagertuz gero, D eredu arrunta ere balegokeela ikastetxean, hortaz, erabaki horrekin D ereduaren garapenari ere galga jarri diote”.
Kontseiluaren arabera erabaki kezkagarriak dira. “Gainera erabaki hauek etorri dira noiz eta Gobernuak D ereduaren aldeko kanpaina lagundu ez duen ikasturtean.” esan du Kontseiluko ordezkariak “Prozedura-arazoen ondoriozko gertaera izan dela azaldu badute ere, gure ustez argi geratu da euskararen gaia ez dela lehentasunezkoa agendan” gaineratu du.
Azkenik, Kontseiluak ikasturte berriko aurrematrikulazioen inguruko lehen balorazioa ere egin nahi izan du: “Zoriondu nahi ditugu, bai, euskarazko ereduaren alde egiten jarraitzen duten gurasoak. Halere, egia ere bada, D ereduak jarraitzen duela %30eko langa ezin gaindituz. Zalantzarik ez dugu, bestelako politikak jarriko balira, D ereduari buruzko bestelako komunikazioa egingo balute, eta nola ez, D ereduari trabak jarriko ez balitzaizkio, gora egingo lukeela portzentaje horrek. Horrexegatik, politikak birbideratzeko eskatu nahi diogu Gobernuari” adierazi du.