Giza eskubideen batzordeen erronkak aztertuko dituzte Iruñean azaroaren 22an
Azaroaren 22an eginen du Torturatuen Sareak giza eskubideen batzordeen inguruko jardunaldia Iruñeko Planetarioan, arratsaldeko 17.00etatik aurrera.
2024-ko azaroak 12
Torturari buruzko nazioarteko III. konferentzia honek bi parte izango ditu. Lehenengoan, Rita Peña txiletarrak bere esperientzia kontatuko du: Pinocheten diktaduran atxilotu eta torturatu zuten, eta 2003an Espetxe Politikoari eta Torturari buruzko Batzorde Nazionalean, hots, Valech Batzordean parte hartu zuen.
Ondoren, bigarren partean, mahai-inguru bat egingo da, horretarako, Iratxe Urizar abokatu eta Giza Eskubideen Behatokiko kideak gaiari buruz hitz egingo du Gemma Ubasart doktore eta Kataluniako Generalitateko azken Justizia, Eskubide eta Memoria sailburuarekin eta Jon Mirena Landa katedratiko, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako, eta egun Jaurlaritza bereko estatuen biktimen aitortzarako batzordeko kidearekin.
“Jakina denez, batzorde hauek erakunde ofizialak eta ez-judizialak dira, iraupen mugatua dutenak, eta giza eskubideen urraketei lotutako gertakariak, kausak eta ondorioak argitzeko eratzen direnak. Batzordeok biktimen testigantzei arreta berezia eskaintzen dietenez, haien errekonozimendua ziurtatzen dute, kasu gehienetan ukazio eta estigmatizazio aldi luzeen ondoren gertatzen dena”, aipatu du Mikel Sotok agerraldian.
Torturatuen Sareko kideak azpimarratu duhori izan dela ere Nafarroan torturatutako ia mila pertsonen kasua, eta “berandu eta poliki bada ere” errealitate hori aldatzen hasia dela txalotu du. “Horregatik, uste dugu une honetan horrelako batzordeen lorpenei, oztopoei eta erronkei buruz hausnartzea dela Nafarroako gizarteari egin diezaiokegun ekarpenik handiena. Izan ere, ez dugu guk bakarrik merezi errekonozimendua eta erreparazioa, gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei ere zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita bide bakarra inori, inoiz, berriz gerta ez dakion guri gertatu zitzaiguna”.