Gazako sarraskiaren salaketa masiboa Bilbon
Milaka lagunek Bilboko kaleak bete dituzte gaur Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko.
2023-ko urriak 28
Milaka lagun bildu dira larunbat honetan Bilbon Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatutako manifestazioan.
Ostiralean aurkeztutako manifestuaren arabera, ekimen horretan parte hartzen duten eragileek Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen dute, «forma eta adierazpen guztietan».
«Ezin da parekatu edo kriminalizatu herri baten autodefentsa-erresistentzia erakunde militar kolonial inperialista batekin», diote mobilizazioaren antolatzaileek, eta ohartarazten dute «ez gaudela ‘Hamasen aurkako gerra’ baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen/errepresioaren aurrean baizik».
Zentzu honetan, «egun hauetan Palestinan gertatzen ari dena Palestinako Estatu sionistaren 75 urteko kolonialismo, apartheid eta garbiketa etnikoaren eta Gazako Zerrendaren aurkako blokeoaren testuinguruan soilik» uler daitekeela diote.
Era berean, «Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitateak eta lankidetzak Israel legitimatzen dutela» salatu dute. «Bai eta bakearen izenean bi aldeetan indarkeria amaitzea deitzen duten diskurtsoak ere, zapalduak eta zapaltzaileak parekatuz».
Horregatik, euskal herritarrei Palestinarekiko «elkartasun aktiboa erakusten jarraitzeko gonbidapena» egiten diete.