Garraiolari bat hil da Santakaran, Euskal Herrian aurten lan istripuz hil den 19. langilea

Goizaldean Santakaran garraiolari batek bizia galdu du. Kaparrosoko 59 urtetako langilea da eta istripu honekin iada 19 langile hil dira lan istripuz 2023an Euskal Herrian, horien artean 4 garraiolari.

2023-ko maiatzak 5

LAB sindikatuak kaleratu duen oharrean gogoratu du garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. “Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz”.

Sindikatuaren hitzetan “oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, bizitza eta elikadura osasuntsua eramateko zailtasunak…” Horregatik uste dute garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak “guztiz saihets daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar”. Helburu horrekin eskatzen dute garraiolarien lan-eskubideak bermatzea eta errespetatzeko neurriak jartzea, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

“Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira”, ohartarazi du LABek, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak.

ELA: “

ELAk ere salatu nahi izan du garraio sektoreko langileek pairatzen dituzten “lan-baldintza gogorrak”, eta horiek  ezbehar-tasan “eragin zuzena” dutela azpimarratu nahi izan dute. “Zoritxarrez, geroz eta ohikoagoak bilakatzen ari dira garraiolariek pairatzen dituzten istripuak, zeinak prekarietatearekin lotura estua duten”. ELAk kontzentrazioa egingo du datorren asteartean, maiatzaren 9an, goizeko 11etan, Nafarroako Gobernuaren aurrean.

Gehiago