Garesen istripu larri izan zuen langilea hil da

Aldamiotik erori eta ospitalean egun batzuk pasa ondoren, 58 urteko langilea hil da. Langile honen heriotza salatu du LABek, Nafarroan aurten hil den 6. behargina da, eta osotara 31 langile hil dira Euskal Herrian aurten.

2022-ko ekainak 3

Joan zen maiatzaren 30ean Garesen (Nafarroa) istripu larria izan zuen langilea atzo hil zela jakitera eman du LAB sindikatuak. 58 urteko langilea, etxeberritze lanetan ziharduela, aldamiotik erori zen oraindik ezagunak ez diren baldintzetan eta arrazoiengatik. Dagoeneko 2022. urtean 31 langile hil dira Euskal Herrian, 6 Nafarroa Garaian, lan istripuz; horietatik zazpi altueretatik erorita hil dira.

“Kapitalismoak eragindako beste laneko heriotza” dela dio sindikatuak. “Beste famili bat birrindurik; eta beste drama sozial bat. Edozein langileri gerta dakioke goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea. Eta LAB sindikatuak adierazi behar du behin eta berriz jarri duela mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira”.    

LABentzat “kezkagarria” da ikustea “nola egon daitekeen Gares erdian egiten ari den obra batean segurtasun neurriak betetzen ez dituen aldamio bat, babes perimetralik gabekoa”. Sindikatuak Lan Ikuskaritzari ez Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko teknikariei galdetu die nola den hau posible.

“Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Ezinbestekoa da, beraz, gaia gizarteratzea eta modu horretan eskumenak dituzten autoritateei arazoaren adinako bitartekoak jartzea, Europako beste herrialde batzuetako adibidea jarraituz”.

Nafarroako Gobernuari eskatu dio “jar ditzan beharrezko baliabide guztiak patronalari lan osasunerako neurriak betearazteko” .

Gehiago