Funts putreak landa eremuan lurrak erosten ari direla salatu du EHNEk
"Nafarroan dugun zentralitatetik kanpo bizi direnak izan behar dira legearen ardatz. Tokian dauden erakundeekin partekatu behar dute protagonismoa. Nekazari abeltzain profesionalak ere hartu behar du hitza", adierazi du Patxiki Irisarri EHNE sindikatuko idazkariak.
2025-ko otsailak 22

Iturria: Euskalerria Irratia
Ohartarazpen bat egin du ENHE sindikatuak: hirietan tentsionatutako eremuak sortzen ari diren moduan etxebizitzari dagokionez, tentsionatutako lur-sailak izaten ari dira herrietan. Funtsak ere iristen ari dira landa-eremura eta lursailik onenak bereganatzen dituzte. Espainian, Andaluzian eta Aragoin adibidez: laranja-arbolak dituzten soroak edo almendra-arbolak dituztenak erosi dituzte. Emankorrak dira. Dirudun enpresek eskuratzen dituzte gero “traktorista” batzuk kontratatu eta haiek landu dezaten. Nafarroan ere badira halakoen adibideak. Eta Caparrosoko makro-etxaldearen adibidea izan liteke bat: “Inguruko lursail ia guztaik eskuratzen ari da”, adierazi du ENHE sindikatuko Patxiku Irisarri idazkariak.
Egungo egoera ez da batere erraza izaten ari lehen sektorerako, aitortu du EHNEk. Ustiategi iraunkorren alde egiten segitzen du, bidezko prezioekin eta bidezko soldatekin. Barne kontsumoa, zuzeneko salmenta, elikadura subiranotasuna eta segurtasuna lehenetsi behar direla uste du EHNEk. Horregatik, 2020an Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioa berrargitaratzearen alde agertu dira. Burokrazia sinplifikatzearen alde aritu dira urte honetan nekazari zenbait. Administrazioarena den lana egiten ari direlako asko. Eta argi dute, digitalizazioak ez duela sinplifikazioa esan nahi.
Landa Garapenerako eta Lurralde Kohesioarako Legea egikaritzen ari diren honetan, protagonista izan nahi dute: “Nekazarei abeltzain profesionalak izan behar du protagonismoa. Hobe da ekoizpen mistoko eta ez-profesionaleko 20 unitate izatea herri batean, makroetxalde bakarra baino”, iruditzen zaio Irisarriri. Hilzorian dauden herriak daudela ere ohartarazi du EHNE sindikatuak. Jenderik gabeko lurrak: “Herrietan biztanleria finkatzeko zerbitzuak eta pizgarriak behar dira”, gaineratu du.
Nekazaritza Politika Bateratuari begira ere badaude, 2028tik aurrera sartuko baita indarrean.