FSk eztabaida politikoan deseskalada bat eskatzen du “bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean” aurrera egiteko
Foro Sozialak indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako agendari dagokionez Covid 19 pandemiak sortutako egoera berria aztertu egin du, eta kexkatua agertu da ematen ari diren askatasun murrizketekin eta eztabaida politikoaren gogortzearekin. Ildo berean, presoen egoera konpontzeko premia azpimarratu du.
2020-ko maiatzak 6
Datozen asteetan, euskal gizarteak ziurgabetasunez betetako konfinamenduaren arintze fase progresiboari ekingo dio. Konfinamenduko garai honetan, denbora izan dugu gure analisiak pausatzeko, gure gogoetetan sakontzeko eta ekarpen berriak diseinatzeko, testuinguru berrira egokituz. Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugun erakunde eta pertsonak ez gara geldirik egon.
Egoera hau bereziki gogorra izan da indarkeria-mota desberdinen adierazpenak jasan dituzten biktimentzat. Jakin badakigu derrigorrezko konfinamendu honek une mingarri haien oroitzapenean sakontzen duela.
Etxean nahitaez konfinatua egon beharra bereziki gogorra izaten ari da presoen senide eta hurbilekoentzat. Izan ere, areagotu egiten da arrazoirik gabeko urruntzeak eta salbuespeneko espetxe politikek berez eragiten duten mina.
Aitzitik, esperientzia komunitario berriak sortu dira arazo eta beharrei erantzuteko. Hurbileko sare sozial berriak sortu ditugu.
Foro Sozial Iraunkorrak beti azpimarratu izan du gizarte zibilaren paper aktiboa. Izan ere, euskal gizarte zibilak askotan erakutsi du irtenbide berritzaileak bilatzeko gaitasuna. Azken urteotan konponbidearen agendan emandako urratsak horren lekuko dira.
Hala ere, kezkatzen gaituzten hiru puntu azpimarratu nahi ditugu.
Lehenik, eskubide urraketen eta jarrera autoritarioen irudiak ikusi ditugu egunotan. Iritzi publikoaren zenbait sektoretan onartu egin diren irudi eta jarrerei buruz ari gara. Errealitate kezkagarriak dira, eta, jarraituz gero, gure gizarteak iraganean ezagutu zituen askatasun-murrizketetara eraman gaitzakete berriro ere.
Bigarrenik, buruzagi politiko askoren aldetik, gerra erretorikaz abusatu da pandemia garai hauetan. Sektore askotatik ohartarazten ari diren bezala, gerrari buruzko etengabeko erreferentziak erabiliz bidea irekitzen da, hau guztiaren ondoren, eskubide zibilen murrizketak ekarriko dituen kultura sozial belizista indartzeko.
Eta Hirugarrenik, eztabaida politikoa gogortzea. Izan ere, testuinguru honetan, ezinezkoa zirudien horrelakorik gertatzea. Esperientziagatik dakigu alderdien arteko eztabaida -beti legitimoa – gogortzeak ondorio zuzenak dituela indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko ekimenetan, eta, bereziki, “Kontakizunaren bataila” deiturikoaren enkistamenduan.
Konfinamendutik ateratzen garenean ez da ezer berdina izango. Gizarteak lehentasunen agenda berria izango du. Baina, bizikidetzari dagokionez, sartu ginenean genituen arazo berberak izaten jarraituko dugu. Zehazki, “Konponbiderako agendak” hor jarraituko du.
Krisiek aukera handiak eskaintzen dituzte iraganeko akatsetatik ikasiko duen etorkizun hobea eraikitzeko. Gizartea konfinamendutik aterako da lehentasun humanitarioen agenda berri batekin. Alde horretatik, indarkeria-zikloaren ondorioei dagokienez, ziur gaude konfinamendu garai honek baldintza hobeak sortu dituela konpontzeke dauden hiru korapiloen askatze prozesuari behin betiko bultzada emateko:
Lehena, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean oraindik ere irauten duen diskriminazioarekin amaitzea.
Bigarrena, salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea. Urgentea da urruntzearekin amaitzea, koronabirus garai honetan zigor gehigarri bat ezarri baitzaie senide eta hurbilekoei eta presoei beraiei ere.
Eta, hirugarrenik, gizarte-espazioetatik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena.
GOMENDIOAK
1. Premiazkoa da hitza desarmatzea. Eztabaida politikoan ere deseskalada prozesu bat egin behar da, dauden adostasun horiek beren potentzial osoa garatu ahal izateko eta konponbidea oztopatzen ari diren eta eragile guztiek dituzten beldurretatik askatzeko.
2. Premiazkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzeko dinamiketan sakontzea, gizarte-kohesiorako helburu eta tresna gisa. Berdintasuna, inklusioa eta pertsona guztien giza eskubideekiko erabateko errespetuaren balioak funtsezkoa dira gaur egun.
3. Premiazkotzat jotzen dugu biktimen eskubideen gaia edo presoei politika normalizatu bat aplikatzeko beharra (urruntzearen amaiera, lehen fase honetan) alderdien arteko gatazkatik ateratzea, eraginkortasunez ekin ahal izateko.
4. Espero dugu gai honetan erantzukizuna duten eragile guztiek (gobernuek, alderdiek eta sindikatuek) ireki den aukera hau ulertzea eta baliatzea.
ONDORIOAK
Pentsatzekoa da egoera honetatik aterako den gizartea ez dela hain permisiboa izango jarrera intransigenteekin, lubaki-posizioekin eta aurrerapenak blokeatzen dituzten eztabaidekin. Baita indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeari dagokionez ere.
Gehiengo eta adostasun transbertsal nahikoak daude gai horiek behin betiko konponbide-fasean sartzeko.
Lehen aipatu dugun bezala, indarkeria-zikloaren ondorioei dagokienez ziur gaude konfinamendu garai honek baldintza hobeak sortu dituela konpontzeke dauden hiru korapiloen askatze prozesuari behin betiko bultzada emateko.
Erabat sinetsita gaude, sufritu dugunagatik – sufritzen ari garenagatik -, gizarte hobea eraikitzea ahalbidetuko dituzten baldintzak sortzen ari garela.
Esan gabe doa irtenbide berritzaileak bilatzeko gure konpromisoak bere horretan jarraitzen duela, testuinguru zail batean bada ere. Horretarako, diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen eta gomendioak proposatzen jarraituko dugu.