Foro Sozialak biktimekin elkarlanean, presoei buruzko eztabaidan eta memoria inklusiboaren lanketan sakonduko du
Kurtso honetarako helburuak aurkeztu ditu Foro Sozialak.
2019-ko irailak 18
Pasa den ikasturtean genion moduan, 2018ko maiatzean ETA desagertzeak baldintzak sortu zituen elkarbizitza demokratikoaren eraikitze-fasea irekitzeko gure Herrian.
Aitzitik, Madrilgo gobernuan dagoen ezegonkortasunak lan honetan ez duela laguntzen begi-bistakoa da. Izan ere, prentsaurrekoa Madrilgo Gobernua eratu eta gero egitea idealena litzatekeela onartu behar dugu, aurrera pausuak atzeratzen ari delako, baina ez da posible izan.
Edozein kasutan, osatuko den gobernu eredua bat edo bestea izan, eta hauteskunde berriak egon ala ez, elkarbizitza demokratikoaren norabidean aurrera urratsak emateko euskal jendarteak – erakundeak, alderdiak eta sindikatuak – askatu gabe dauden korapiloak askatzeko lanean jarraitu behar du.
Eta fase horri heltzeko, behin betiko eta sakonki, oraindik askatu gabe dauden hiru korapiloak askatu behar dira:
Indarkeria adierazpen desberdinetako biktima guztiek Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubidea bermatzea, biktima batzuen artean egun dagoen diskriminazioarekin amaituz.
Preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonei dagokienez, gaur egungo salbuespen egoera gainditzea, araudi arruntua ezarriz.
Memoria kritikoa eta bateratzailearen norabidean aurrera egitea, dauden kontakizun guztiak onartuz eta alderdi politikoen artean egun darabiltzaten “errelatoaren guda” amaigabea gaindituz.
Pasa den ikasturteko Foro Sozial Iraunkorraren lehentasuna biktima desberdinekin espazio publiko eta pribatuak sortzea izan zen. Zentzu horretan, ETAren eta Estatuaren biktimen arteko zenbait topagune antolatu genituen. Lan- dinamika honen emaitza oso positiboa izan da (ikusi ekainaren 27an egindako balorazioa).
Hastapenean dagoen ikasturte berriari dagokionean, lau helburu markatu ditugu:
Biktima desberdinen arteko elkarlanean sakontzea, topagune berriak sortuz.
Memoria kritikoa eta bateratzailea eraikitze bidean ekarpenak egitea
Preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen gizarteratzeari buruzko eztabaidan sakontzea. Zehazki, presoek kartzela barruan egin behar duten ibilbidea definitu behar da, lehenengo gradutik bigarrenera pasatzea ahalbidetzeko eta, batez ere, bigarren gradutik hirugarrenera. Zentzu honetan, Espainiako Gobernuaren osaketaren atzerapena dela eta, 2018an abiaturiko espetxe politikaren aldaketan uztailetik egon den geldialdiagatik gure kezka azaldu nahi du Foro Sozial Iraunkorrak. Nahiz eta pausu txikiak izan, proposatzen ari garen norabidean zihoazen aldaketa hauek.
Elkarbizitza demokratikoari buruzko sakoneko ekarpena egitea (proposamena lantzen ari gara). Ekimenak Foro Sozial Iraunkorrak hiru funtzio betetzen ditu: askatu gabe dauden korapiloak askatzeko esperientziak biltzea, gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiten duten ekarpenak egitea eta proposamen hauen inguruan sortu behar diren adostasunak eraikitzeko erraztaile lanak egitea. Datozen hilabetetara begira, akordio horiek erdiesteko isilpeko erraztaile lanak egiten ditugun bitartean, aipatutako helburuen inguruan topagune publikoak antolatuko ditugu, nazioarteko eta bertako esperientziak aztertuz. Ekimen desberdinak ditugu aurreikusita, eta datak gerturatu ahala publiko egingo ditugu. DDR estandarrak Gure Herria bake prozesu berezi batean dago murgilduta, oso luzea izan den gatazka ziklo baten ondorioak konpondu nahian. Gure prozesuak ez du parekorik munduan. Askotan adierazi dugun moduan, bere garaian zegoen blokeoa gainditzeko, Foro Sozialak Nazio Batuek onartutako “Estandar Integratuetan” oinarritu izan da (DDR bezala ezagutzen direnak: Armagabetzea, Desmobilizazioa eta Gizarteratzea). Eta nahiz eta gurea ohiko “DDR prozesu” bat ez izan, ETAren armagabetzean eta disoluzioan lortu dugu estandar hauek baliagarriak izatea.
Behin ETAren armagabetze zibila eta desegitea burututa, orain, azken “R”-ari heldu behar diogu, preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonen gizarteratzeari, alegia.
Biktimak
Gure prozesuaren berezitasuna biktimen alorrean ere ikusten dugu. Munduan egon diren beste prozesuetan ez da batere ohikoa hainbeste biktima hain argi hitz egitea elkarbizitzaren alde. Biktimak eredugarriak dira zentzu honetan, sekulako eskuzabaltasuna erakutsiz.
Memoria
Beste aldetik, memoria kritiko eta bateratzailearen eraikuntzari dagokionean ezin gara hain positiboak izan. Lehen adierazi dugun bezala, “Memoria kritikoa eta bateratzailearen norabidean aurrera egin behar dugu, dauden kontakizun guztiak onartuz eta alderdi politikoen artean egun darabiltzaten errelatoaren guda gaindituz.”
Ez gara inozoak eta jakin badakigu memoriaren auziak konponbidean aurrera egitea baldintzatzen duela, abuztuan ikusi dugun bezala. Gur iritziz, gai honek desberdindu beharreko bi atal ditu:
Alde batetik, alderdien arteko eztabaida dago, guztiz zilegia dena. Baina hortik abiatuta, esan behar dugu eztabaida hau, gaur egun egiten ari den parametroetan, agortuta dago. Urteak joan eta urteak etorri, argudio berdinen inguruan bueltak ematen ari gara, noria batean egongo bagina bezala.
Galdera da: Nola ateratzen dugu gai hau egun dagoen noriatik, konponbidearen agendan sartzeko? Oso zaila suertatzen ari da, baina guk ez dugu etsiko.
Beste aldetik, memoriaren auzian beste elementu bat dago: Gure herrian presentzia txikia duten zenbait sektore memoriaren gaia erabiltzen ari dira konfrontazioa areagotzeko, ahalik eta gehien, oraindik hauskorra den elkarbizitza arriskuan jartzeraino. Hemen galdera da: Eman beharreko pausuak jarrera hauen aurrean blindatzeko, ahalik eta aniztasun handienarekin, nola egin behar dugu?
Bukatzeko, askotan errepikatu dugun moduan, gure herrian bake eta giza eskubideetako kultura bat eraikitzeko baldintza oso indartsuak sortzen ari direla uste dugu. Urte hauetan pilatzen ari garen eskarmentuari esker, gaur egun, kolektiboki begiratua, pertsona hobeak, solidarioagoak eta enpatikoagoak gara.