Ezker Independentistak ETAren biktimei begirunea adierazi die: “Hura ez zen inoiz gertatu behar”

Arnaldo Otegi EH Bilduko Koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko Idazkariak agerraldi bateratua egin dute gaur 'Urriaren Hemezortziko Adierazpena' irakurtzeko. Adierazpen honetan, Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena aipatuz, gatazka armatuan izandako biktima guztiei begirunea aitortu diete, eta haiendako aitortza eta erreparazioa eskatu dute. ETAren biktimentzat aipamen berezia egin dute, eta atsekabea eta mina adierazteaz gain "hura ez zela inoiz gertatu behar" azpimarratu dute.

2021-ko urriak 18

EH Bilduk eta Sortuk ETAren biktimei adierazi diete haien minak ez zuela «inoiz gertatu behar». «Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula», esan dute Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek, Donostiako Aiete Jauregian eginiko agerraldian.
Urriaren 18ko adierazpena izenburupean ari dira Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. Hemen irakur daiteke adierazpen osoa.

Agerraldia bateratua egin dute, 11:00etan, Aieteko jauregian (Donostia), Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenaren harira. Iragarria zuten «adierazpen solemnea» egingo zutela.

Aieteko Nazioarteko Konferentziatik zein ETA erakundearen indarkeria armatuaren amaieratik hamar
urte igaro direla nabarmendu dute, eta euskal ezker independentistak euskal gizartearekin, espainiar eta frantziar gizartearekin, zein nazioarteko iritzi publikoarekin partekatu nahi duten hausnarketa plazaratu dute.

Adierazpenaren lehenengo puntuan esan dute ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik hamar urte igarota, «konpromiso hura osorik bete» dela, hau da, erakundearen jardueraren amaiera «osoa eta erabatekoa» izan dela, eta armagabetze eta desegite prozesua modu egokian egin direla, «nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala».

ETA zatitu ez izana nabarmentzekoa dela esan dute, «antzeko ezaugarriak dituzten beste prozesu batzuetan gerora sortu izan diren arazo larriak agertzea saihestu baitu horrek».

«Ez zen iruzurrik egon, ez zen kalkulu taktiko bat izan. Igarotako denborak agerian utzi du
orduan hartutako erabakiaren izaera estrategikoa». Erabakia betirako dela gaineratu dute, bigarren puntuan.

Hirugarren puntuan heldu diote biktimen gaiari. Bake justu eta iraunkorrak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen duela adierazi dute, eta biktima guztiei eman behar zaiela nabarmendu dute. «Ez dugu haietako bat bera ere ahazten». Adierazi dutenez, «atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen».

Halere, iraganak atzera bueltarik ez duela nabarmendu dute. «Baina konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta. Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula. Beti izango gaituzte horretarako prest».

Laugarren puntuan presoak hartu dituzte aintzat. Esan dute «nazioarteko esperientziak erakusten duela beharrezkoa dela preso politikoen auziari irtenbidea» ematea. Aieteko Adierazpenak hori ere jasotzen zuela nabarmendu dute. Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatu dute, eta «konponbide integrala» ematea. «Aldarrikatu nahi dugu presoek estrategia armatua gainditzeko izandako parte hartze aktibo, irmo eta erabakigarria, baita bide baketsu eta demokratikoekiko haien konpromisoa ere. Haiek gabe, ez zen posible izango».

Azkeneko puntuan, berriz, «gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari» irtenbide demokratikoa emateko eskatu dute. «Gure nazio nortasunarekiko errespetua» galdegin dute, eta erabakia euskal gizartearen esku jartzea, «bestelako etorkizuna eraikitzeko».

Hamargarren urteurrena

Azken egunotan Aieteko Adierazpenen inguruko ekitaldiak egin dituzte Aieteko jauregian.

Igandean, Baionan, iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu ziren bertako eta nazioarteko eragileak. Presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu zuen Brian Currinek.

Donostian, erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu zituzten Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak (1999-2009), Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (2018-2020), Amalur Alvarez Gure Esku dinamikako bozeramaileak eta Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidente eta preso ohiak.

Veronique Dudouet Berghof fundazioko aholkulari nagusiak adierazi zuenez, «presoek egiteko bat dute elkarbizitzaren eraikuntzan».

Eta Brian Currin nazioarteko artekariaren hitzetan, «ez duzue subiranotasunaren zain egon behar; hasi pentsatzen euskal nazioa nola eraiki».

Gehiago