Ezkaba eta Izagako suteen ondoren, suhiltzaileen salaketa: Gobernuak amaitutzat eman du baso-kanpaina langileak murriztuz
Tutera, Azkoien eta Lodosako parkeak "basoko suhiltzailerik gabe" geratu direla salatu dute suhiltzaileek. Ezkabako suteak 27 hektarea erre ditu. Horietatik lau zuhaiztiak ziren.
2022-ko irailak 22
Nafarroako Baso Suhiltzaileen Elkarteak eta Nafarroako Suhiltzaileen Laguntzaileen Elkarteak salatu dutenez, “gure mendiak erretzen jarraitzen duten bitartean eta baso-arrisku alertak gure erkidegoan egunez egun aktibatzen diren bitartean, Nafarroako Gobernuak amaitutzat eman du baso-kanpaina”. Ildo horretan, “operatiboa ahalik eta denbora gehienean mantentzeko” eskatu dute.
Asteazken honetatik aurrera, bi kolektiboek komunikatu berean jakinarazi dutenez, “Tuterako, Azkoiengo eta Lodosako parkeak baso-suhiltzailerik gabe geratu dira, eta Helikoptero Brigadako langileak erdira murriztuko dira, baldintza klimatologikoek kritikoak izaten jarraitzen duten bitartean”. Gainera, “irailaren 27an Cordovilla, Tafalla, Lizarra eta Zangozako parkeak langileen erdiarekin utziko dira”.
“Agintariei eskatzen diegu kontuan har dezatela egoera kritikoa, operatiboari ahalik eta denbora gehien eusteko, eta, 2023rako aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan, udako eta neguko baso-kanpainetarako aurrekontu-partida gehiago bideratzea adosteko, kanpainak denboran eta langile gehiagorekin luzatu ahal izateko”, azaldu dute.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du astearteko Ezkabako suteak 27 hektarea erre zituela. Horietatik lau zuhaiztiak ziren. Foruzaingoa sutearen arrazoiak ikertzen ari da. Inguruan ez zen ez nekazal lanik ezta argindarrik ere.