Euskaraz bizitzeko “baldintza errealak elkarrekin sortzera” deitu du Kontseiluak eta ekainaren 13ko martxan parte hartzera animatu du

Hilabeteren faltan, Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxaren aurkezpen soziala egin du Iruñean. Euskal Herri osoko eta espazio politiko desberdinetako ehundik gora ordezkari sozial, politiko eta sindikalek parte hartu dute ekitaldian.

2026-ko maiatzak 13


Ekainaren 13rako hilabete faltan, Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon Martxaren aurkezpen soziala egin du Iruñeko Katakrak liburu-dendan, ordezkaritza sozial eta politiko zabalaren aurrean.
Ekitaldian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta euskararen normalizazioaren aldeko eragileek ekainaren 13rako deitu duten mobilizazio erraldoi aurkeztu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. «Euskaraz bizitzeko behar den dena» lelopean, martxa hiru zutabetan antolatuko da, euskararen etorkizunerako giltzarri diren aldarrikapenak irudikatzeko: ofizialtasun osoa Euskal Herri osorako; hizkuntza politiketan jauzi eraginkorra, euskararen ezagutza orokortua eta erabilera normalerako baldintzak bermatzeko; eta euskaltzaletasuna, herritarren konpromiso aktiboa oinarri.

«Euskararen etorkizunaren gaineko kezka adierazteaz gain, euskararen eta euskaltzaletasunaren indarberritze olatu bat, Pizkunde berri bat, eragiteko prest gaudela frogatzeko indar erakustaldia izango da. Abenduko ekitaldia lau hormen artean egin bagenuen, ekainaren 13an kaleak hartu eta mezua lau haizeetara zabalduko dugu» adierazi du Eskisabelek. Izan ere, «horretara dator ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa, euskaltzaleok antolatzera eta euskaraz bizitzeko ezinbestekoak ditugun baldintzak eskatzera, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzera» gehitu du.

Martxaren hiru zutabeak arratsaldeko 17:00etan Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzarik abiatuko dira, eta Iruñeko kaleak aldarrikapenez, ospakizunez eta harrotasunez zeharkatuko dituzte. Zutabe bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, Ion Celestino musikariak egun horretarako sortutako doinu baten konpasean. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar artistek egindako pankartei jarraituz, aldarrikapena festa-giroan egingo da.

18:00ak aldera, zutabeek Gazteluko Plazan egingo dute bat, eta ekainaren 11n Urepeletik aterako den Gazte Euskaltzaleen martxa ere batuko zaie bertan. Edukiz beteriko ekitaldiaz gain, amaiera berezi bat emango diote martxari.

Ordezkaritza politiko eta sozial zabala
Euskal Herri osoko eragile eta norbanako euskaltzale guztiak deitzen dituzte Euskaltzaleon Martxan parte hartzera. Ekitaldian parte hartu duten ehun lagunen artean izan dira Jabier Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea institutuko zuzendaria, Aitziber Campion Iruñeko Udaleko euskara zinegotzia, Mikel Asiain (Geroa Bai) eta Eneka Maiz (EH Bildu) Nafarroako Parlamentuko kideak, Anika Luján EAJren ordezkaria, bai eta Sortu eta Alternatiba alderdietako ordezkariak ere. Halaber, LAB, ELA, STEILAS eta ESKko kideek parte hartu dute aurkezpenean, bai eta Nafar Ateneoa, Duguna Dantza Taldea, Txalaparta, OlatuKoop, Gure Esku, Bilgune Feminista, Ernai, (H)ilbeltza ekimen sozialetako ordezkariek ere.
Euskalgintzako eragileen artean presente izan dira AEK, Taupa Mugimendua, Euskal Herriko Ikastolak, Errigora, Berria, Elkar, Maizpide, Emun, UEU, UEMA, Hamaika Telebista, Jakin, Bertsozale Elkartea, EHE, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Bai Euskarari, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Zenbat Gara, AET, Hekimen, Argia eta Euskalerria Irratia. Azkenik, Nafarroako eta Euskal Herriko kulturgile eta pertsona ezagunak ere izan dira aurkezpenean.

«Elkarrekin euskaraz bizitzeko baldintza errealak sortzera» gonbidatu ditu Idurre Eskisabelek.

Gehiago