Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Vascuenceren legea salatzeko kateatu dira Nafarroako Parlamentuan
Bihar 30 urte beteko ditu Vascuencearen legeak. Euskaldunak lotzen dituzten kate horiek oraindik ere mantentzen direla salatzeko, hiru euskaltzale Iruñeko Parlamentuan kateatu dira, hainbat lagunen babesarekin. "Ofizialtasunari ateak ireki" dioen pankarta dute eskuan. Foruzaingoak identifikatu eta libre utzi ditu.
2016-ko abenduak 14
Vascuencearen legean 30.urteurrenaren bezperan…. “Vascuencaren legea pikutara” “euskara ofiziala Euskal Herri osoan” oihuak Sarasate pasealeku inguruan. Kateen aurka kateatu dira euskaltzaleak.
Ekintzaileek zabaldu duten mezuan gogoratu dute Vascuenceren Legearekin “UPNren euskararen kontrako hizkuntza politika planifikatua pairatu” dela eta “Nafarroako berezko hizkuntza baztertzeari bideratua” izan dela. “Baina, zorionez, garaiak aldatu dira eta egungo nafar gobernuaren jarrera bestelakoa da aurrekoaren aldean.
Hala ere, aipatu jarrera horrek muga zahar batekin egiten du topo, besteak beste: gobernua sostengatzen duten alderdien artean kontraesanak sortzen dituen “vascuencearen” legearekin, alegia. Berau gainditzearen alde hutsaren hurrena egin da eta lege honen babespean ematen diren urratsak eznahikoak izanen dira ezinbestean”.
Ekintzaileek aldarrikatu dute “atzeraezina izango den aldaketa” bat: Lurralde osoan hizkuntza-eskubideen aitortza bermatuko duen lege berri bat. “Herritarroi, dagokigu ofizialtasunari ateak irekitzeko garaia heldu dela exijitzea. Ezin gara instituzioei begira geldirik gelditu”, gehitu dute, eta zentzu horretan euskaraz bizitzeko hautua indartzeko deia zabaldu dute.