Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko hitzordua abenduaren 28an Bilbon
Marea berdea osatzera deitu du Jauzi ekimenak.
2014-ko abenduak 24
Jauzia ekimenak datorren abenduaren 28an, gizonezkoen euskal futbol selekzioak Kataluniaren aurka jokatu beharreko partidaren harira, antolatu duen kirol desfilea iragarri du. Arratsaldeko 19:00tan, Moyua Plaza eta Bihotz Sakratua lotuko dituen ekimena izango da eta bertan diziplina ezberdinetako kirolariek hartuko dute parte.
Kirol anitzetako kideek hartuko dute parte, aktiboan daudenak eta baita ohiak ere, euskal kirol selekzioek nazioarteko lehiaketetan zein Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan modu ofizialean aritzea aldarrikatzeko. Horrekin batera, ekitaldiaren amaieran Mikel Laboaren "Txoria, txori" eta Lluis Llach-en "L'Estaca" abesti enblematikoak kantatuko dituzten bertan bildutako guztiek.
Marea berdea osatu nahi du Jauziak igandean, ofizialtasunaren alde, "One Country, One Team" leloarekin eta eslogan Olinpiko nagusia ardatz moduan: "Garrantzitsuena parte hartzea da". Horrela, kirolariak zein herritarrak igandean Bilbon egotera eta desfileko parte izatera gonbidatu dituzte.
Jauzia ekimenak bufanda bereziak prestatu ditu ekimenerako. Igandean puntu ezberdinetan salgai egongo dira eta eurak erabiltzeko momentu berezia egongo da ekitaldian zehar. Larunbatean ere, emakumezkoen selekzioek Lasesarren jokatuko dituzten partidetan ere eskuragarri egongo dira.