Euskal hiztunak Hezkuntzaren lan eskeintzan ez baztertzeko zerrenda bakarra aldarrikatu dute

Hezkuntzaren lan eskeintza publikoan euskal hiztunak ez baztertzea eta baldintza berdinak izatea aldarrikatu dute dozenaka irakasleek gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Larunbatean Kontseiluak euskararen alde deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

2017-ko abenduak 12

Gaur egun, Nafarroan, Hezkuntzan oposizioak deitzen direnean espezialitate eta hizkuntza (euskara eta gaztelania, ez ingelesa) bereizten diren azterketak egiten dira; hau da, gaztelaniaz epaimahai bat eta euskaraz beste bat osatzen dira. Horren ondorioz, euskalduna den edozein irakaslek bi azterketetan parte hartu behar du eta bietan gaindituz gero, zein postu hartuko duen erabaki behar du oposizioa bukatu baino lehen.

Aldaketaren Gobernua boterea eskuratu baino lehen, UPNk bi azterketak egun eta ordu berean jartzen zituen euskal hiztunen aukerak murrizteko. Iaz egindako oposiziotan hizkuntza bakoitzean espezialitate berberak ordu ezberdinetan jarri ziren. Horrela, lehen esan bezala, irakasle batzuk espezialitate bereko bi azterketa eta bi programazio egin behar izan zituzten, plazarik lortu ezean bi zerrendetan egon ahal izateko (euskarakoan eta gaztelaniakoan). Aurreko neurri hori ere diskriminatzailea da, euskal hiztunen arabaera, bi azterketa eta bi programazio egin beharra baitago, norberak dituen jakintzak kontuan hartu beharrean.

Hezkuntza Departamentuak aurten zerrenda bakarra jarriko dela egindako adierazpenek gaia, berriz ere, mahai gainean jarri dute eta berehalakoan hasi dira batzuk bazterrak nahasten, hau diskriminazioa dela, euskaldunei abantailak emateko balio duela eta horrelako argudioak zabaltzen. “Jarrera hauek ulertezinak egiten zaizkigu, batez ere, Espainian dauden gainerako komunitate elebidunetan (Balear Uharteetan, Katalunian, Galizian, Valentzian) zerrenda bakarra dagoela jakinik eta hemen bazterrak nahasi nahian dauden indar horiek (alderdi politiko nahiz sindikatu batzuk) onartu eta onartzen dituztela ikusten dugunean”, adierazi dute irakasleek, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako kontzentrazioan.

Hezkuntza Sailak, Mahai Sektorialeko gehiengoaren oniritziarekin, zerrenda bakarra ezarriko zela aurreratu zuen, eta hartutako akordioari heltzea eta Nafarroako Gobernuari sostengu ematen diotenei erantzukizunez eustea espero dute eta “euskaldunok elebidunak izateagatik, zigortuak manten ez gaitzaten” eskatzen dute.

Datorren larunbatean eguerdiko 12etan Autobus Geltokitik abiatuko den euskararen aldeko manifestazioan parte hartzera ere gonbitea luzatu dute.

Gehiago