Euskal gehiengo sindikalak pasa den larunbatean Zuastin hildako garraiolaria gogoratzeko elkarretaratzea eginen du astelehenean
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, CGT eta HIRU sindikatuek pasa den larunbatean Zuastin hil zen garraiolaria gogoratzeko eta lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat eginen dute astelehenean goizeko 11tan Iruñean dagoen Nafarroako Garraio Departamenduaren aurrean.
2021-ko martxoak 26
Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu Zuastin lan istripuan hil zen kamioi gidariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpigarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu.
Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.
Garraioaren sektoreak pairatzen duen perkarietatearen adibidea baino ez da pasa den martxoaren 20an Zuastiko zerbitzugunean gertatutakoa non kamioiak su hartu zuen langilea deskantsatzen zegoelarik. Halako egoerak onartezinak direla esan behar dugu beste behin ere. Aurten jada 13 pertsona hil dira lan istripuan Hego Euskal Herrian eta horietatik 2, errepidean lan egiten zuten gidari eta garraiolariak. Datu hauek guztiak eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea ezinbestekoa dela kontutan hartuta, gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egingo dugu datorren astelehenean, martxoak 29, Iruñean, Garraio Departamenduaren aurrean (San Ignacio 3) goizeko 11tan. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, CGT eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.