“Europaren politika migratzaile kriminala salatu eta elkartasuna ehundu dugu”

Greziarako Euskal Herriko Karabanak egindako ekimenaren balorazio oso positiboa egin du, eta azken orduetan Grezian izandako errepresioa salatu du. Grezian atxilotutako bi nafar aske gelditu dira epailearen aurretik pasa ondoren. Bihar mobilizazio bat eginen da Iruñean, arratsaldeko 19etan Udal Plazan.

2016-ko uztailak 28

Greziarako karabana etxera itzuli eta balorazio egiteko unea iritsi da. Europako Batasunak urte luzetan “ezarritako politika migratzaile lotsagarriak” salatu dute “oso ekimen aberasgarria” izan den honetan.
“Europaren politika migratzaile kriminala eta honen jarraitzaile sutsua den Estatu espainarraren jarrera salatu eta nazioarteko elkartasuna eta elkar-laguntza sareak ehundu” dituztela ziurtatu dute.

“Jende xehearen amorraziotik” sortutako ekimen honekin Grezian pilaturiko milaka pertsonen blokeoa ikusarazi nahi izan dute. “Ez dezagun ahaz politika hauek orain dela hamarkada franko Europako kontinente osoan ezartzen ari direla, eta guri dagokigunez Espainiako estatuko hegoaldeko mugan ere”. Grezian izandako egonaldian, Europako gotorlekura sartzen saiatzen diren milaka pertsonei ezartzen zaien gizagabeko egoeraren lekuko izan dira. CIEs delakoak (Atzerritarrak atzilotzeko guneak), migratzaileen eremuak eta militarrek kudeaturiko guneak ikusteko aukera izan dute. “Hauetan guztietan isolamendua, pertsonen metaketa jasangaitza, osasun eta higiene baldintza penagarriak eta elikadura ezin txarragoa ikusi ditugu, eta honen aurrean gure gobernuek guk beste aldera begiratzea nahi dute”, esan dute emandako prentsaurrekoan.

Atxiloketak eta hustutzeak
Atzo goizean greziar sostengu mugimenduak migratzaileak babesteko okupaturiko hiru guneen hustutzeak eta ehun migratzaile eta nazioarteko aktibista atxiloketak salatu dituzte, horien artean bi nafar daudela gogoratuz. Azken hauek aske gelditu dira epailearen aurretik pasa ondoren. “Hauxe migratzaileen aldeko mugimendu sozialari emandako kolpe latza izan da. Kolpe errepresibo honekin Greziako gobernuak zera adierazi nahi du: ez dagoela tokirik migratzaileekiko elkartasunerako ezta irtenbide autokudeatuetarako ere. Soilik EBren politika kriminalak hitzez hitz segitzen duen estatu baten karitatea, espetxeratzea, bazterketa eta deportazio berezitua onartzen dira”, kritikatu dute.

Datozen orduetarako mobilizazioak antolatu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Nafarroako hiriburuan bihar ostirala arratsaldeko 19etan Udal plazan.

Gehiago