Etxerat elkarteak sufrikario guztiak aitortzeko deia egin du belaunaldi berriek gatazka politikoaren ondorioak sufritu ez ditzaten
Donostian egindako agerraldi batean, euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak bortxaren era guztietako adierazpenen biktima ororekiko aitorpena, begirunea eta enpatia helarazi nahi izan diete, eta barkamena eskatu die "horretaz konturatu gabe, gure urruntasunaren bidez, areagotu ahal izan dugulako senitarteko bat bortxaren eraginez galdu duten ETAren biktimek jasan behar duten mina".
2019-ko martxoak 1
Euskal iheslari eta presoen senitartekoek “bizikidetza demokratikoari ekarpen bat” egiteko “egiazko borondatea” adierazi nahi izan dute gaur Donostian egindako agerraldi batean. Gatazka politikotik eratorritako bortxaren ondorioak jasan dituzten eta jasaten dituzten pertsona guztiei zuzendu zaie, bere ekimena “gatazka hori konpontzeko ekarpen gisa eta berriro horrelakorik gerta ez dadin” delako.
“Badakigu ETAren biktima asko aurrerapauso bat ematen ari dela, beste espetxe politika bat publikoki aldarrikatuz eta egungoa albora utziz”, esan dute, eta eskertu dute “sufritzen dugunokiko agertzen duten enpatia eta hori eskuzabaltasunez egitea, trukean ezer espero izan gabe”. Haiek ere “elkar onartzearen aldeko ekarpena” egin nahi izan dute, eta ildo horretan “barkamena” eskatu diete askotan haiekiko erakutsitako indiferentziagatik.
“Bortxa mota ororen biktima izan diren guztiei gertatu zaien moduan, euskal preso politikoen senitartekook urte askotan zehar sentitu dugu gizartearen zati baten eta haren ordezkari politikoen indiferentzia. Badakigu nola alboratzen diren bizikidetzaren politika publikoak eta salbuespeneko espetxe politikaren biktima potentzialak izaten jarraitzen dugu. Geure burua babestera eta besteen minaren aurrean isiltasuna gordetzera eraman gaitu horrek. Besteengana hurbiltzeko eta haiei enpatia adierazteko gai ez izatera eraman gaitu”, aitortu dute.
“Zinez eta benetan barkamena eskatzen dugu, horretaz konturatu gabe, gure urruntasunaren bidez, areagotu ahal izan dugulako senitarteko bat bortxaren eraginez galdu duten ETAren biktimek jasan behar duten mina”, adierazi dute.
“Bortxaren era guztietako adierazpenen biktima ororekiko aitorpena, begirunea eta enpatia” agertu nahi izan ditu gaur Etxeratek. “Horiei guztiei eskua luzatzen diegu gaur, bereziki, egitez edo ez-egitez, nahi gabe bada ere, berorien mina areagotzen esku-hartu badugu”.
“Sufrikarioekiko distantziakidetasunik ezarri nahi izan gabe, jakinarazi nahi dugu sufrikarioa geure barne-erraietatik ezagutzen dugula eta horrek eramaten gaituela zuena aitortzera”, esan diete.
“Lurralde honetako biktima gehienekin gertatzen denaren antzera, gu ere ez gaitu mugitzen mendeku sentipenak edo sufritu dugun guztiaren ordainetan besteari sufriarazi beharrak. Gure aniztasunetik adierazten dugu mugitzen gaituena honako hau dela: honetatik guztitik ezer ez dadila errepika eta etorkizuneko belaunaldiek ez ditzatela berriro sufri gatazka politikoaren ondorioak”, azpimarratu dute.
Horregatik, Etxeraten erronka hau izanen da: ” zubiak eraiki” eta “kontakizun poliedriko” batera hurbilduko gaituen bidean askotariko kontakizunak azaleratzea. “Horrek elkarrengana hurbilduko gaitu, zauriak sendatu eta itxiko ditu, eta bizikidetzaren oinarriak ezarriko ditu. Benetako bakerantz eta bake iraunkorrerantz doan bidea sostengatzen eta babesten duen gizarte bati guztion artean egin diezaiokegun ekarpenik onena da”, bukatu dute.