Etxegabetze baten arriskuaz ohartarazi dute Elizondon, martxoaren 20an eman daitekena
2025-ko martxoak 5

Abenduan egindako agerraldian ohartarazi zutenez, Baztanen ere etxegabetze kasuak badira, eta orduan aipaturiko Arizkungo kasuaz gain, orain beste batetaz informatu dute. Oraingo honetan Elizondon ematen ari da. Familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du Baztanen Bizi Nahi Dugu ekimenak eta META kolektiboak. “Zaurgarritasun egoeran dagoen familia bat da, adin ttikikoak tartean dituena. Dagoeneko ospatua den epaiketaren ondotik iritsi zaie martxoaren 20rako etxegabetze agindua”.
“Etxegabetzeak gizarte kapitalistaren sintoma bortitzenetako bat dira. Era berean, jendarteko sektore prekarioenek etxerik gabe gelditzeko dituzten aukerak geroz eta haundiagoak dira, eta pobretze prozesua orokortua da. Etxebizitza eskubide bat izatetik urrun dagoen honetan, kale gorrira igorri nahi dituzten barrideen kasuak salatzea ezinbestekoa da. Batez ere, errealitatearen aurpegi hau izkutatu eta desitxuratu nahi duten hedabide, indar politiko eta enpresen interesak argitara ateratzeko”, diote oharrean.
Etxegabetze arriskuan dauden familiek alternatiba bat lortzeko “bizi dituzten zailtasunak” ere salatu dituzte. “Izan arrazakeriagatik edo etxebizitzaren merkatuko bertzelako arazoengatik: alokairu prezio izugarriak, eskaintza falta, erosteko ezintasuna…”
Baztan eta inguruko herrietako jendarteari halako kasuak “isilpean pasatzen ez uzteko” deia egin diete, baita erantzun sozialera batzekoa ere. “Bide horretan eginen diren deialdietara batzera eta etxegabetzeen aitzinean antolatzera animatzen ditugu herritarrak”, aipatu dute oharrean.
Horretarako, Baztanen Bizi Nahi Dugu eta META kolektiboengana jotzeko deia egin dute, eta kontakturako zenbait baliabideak jarri dituzte martxan: mendetxebizitzataldea@gmail.com edo 664009163 telefono zenbakia.