Estatuen inposizioen aurrean “Herri bezala agertzeko” deia luzatu dute

Askapena, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Elkartzen, Ernai, Esait, Euskal Herrian Euskaraz eta Ikasle Abertzaleak antolakundeen ordezkariek prentsaurrekoa eskeini dute gaur Iruñean Aberri egunaren atarian Espainiar eta Frantziar gobernuen Euskal Herriaren aurka egiten dituzten erasoak salatzeko.

2014-ko apirilak 2

Erakunde hauen esanetan "Euskal Herria harrapaturik dago agorturik dagoen markoaren gatibu", eta egungo markoaren "itzalak" estaltzen ditu euskal jendartean sortu litezkeen "esperantza argiak".

Espainiar eta Frantziar Gobernuen erasoak zerrendatu dituzte: Ikastolen aurka, Euskal Herriko Udaletan Euskararen inguruan harturiko konpromisoak geldiarazi asmoz abiaturiko auzibidea, Nafarroa garaian aldaketarik eman ez dadin Madrilek luzaturiko eskua, euskal langileriaren etorkizuna Madril eta Parisen erabakitzen jarraitzen dutela, Abortuaren eta Lomce-ren legeak, euskal selekzioari jartzen zaizkion oztopoak, Sinboloen legea…

"Behin eta berriro euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea urratzen dute eta  eraso guzti hauen bidez, euskal jendartean etsipena zabaldu eta asimilazioaren bidea sustatzea dute helburu, baina ez dute lortuko" adierazi dute.  

Burujabetza aldarrikapen bat izatetik, egunerokoan eta praktikan irabazi beharreko joko zelaia izatea bilatzen dute. "Euskal herritarrok burujabe izatetik, herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko bidea egin behar dugu", adierazi dute.

Euskal Herria erasotzen duten bakoitzean "euskal herritar guztiok erasotzen gaituztela salatzeko eta eraso guzti hauei herri gisa bat eginik erantzuteko" deia luzatu dute.
Zentzu horretan, eta "eraso" hauen aurrean, aldarrikapen ekimen ezberdinak burutu eta hauek biltzeko asmoa dute: salaketak, aldarrikapenak, bat egiteak, ezabaketak, ikurren inguruko ekimenak, …

"Mendi tontorretik Ikurriña eskuan bidaltzen diguten argazkitik hasi eta etxekoen artean Aberri egunera joateko deialdiarekin bat eginez ateratako famili argazkiraino bildu nahi dugu", esan dute. 

Horretarako http://www.nazioagara.org atarian eta sare sozialen bidez biltzeko eta zabaltzeko asmoa dute. Facebook eta Twitter kontuak ireki dituzte horretarako, baita posta elektroniko bat eta telefono zenbaki bat. Whatsapp edo Telegram bidez informazioa bidali daiteke.

Bestetik, apirilaren 20an Iruñean Aberri Eguna ospatuko dela gogoratu dute, eta euskal jendarteari Euskal Herriko hiriburura joateko gonbitea luzatu diote, eta etxeko balkoietan Ikurriñak zintzilikatzeko deia zabaldu dute. 

Gehiago